Uriaren hilketan ez zutela parte hartu esan dute Garitagoitiak eta Errazkinek

Mailo Oiarzabal 2021ko ots. 22a, 16:33
Espainiako Auzitegi Nazionala.

Gaur hasi da bien kontrako epaiketa Espainiako Auzitegi Nazionalean, eta ostegunean bukatuko da. Fiskalak 49na urteko kartzela zigorra eskatu du bi auzipetuentzat, 2008ko abenduaren 3an ETAk Loiolan hil zuen enpresari azpeitiarraren hilketan parte hartzea egotzita.

Gaur hasi da Madrilen, Espainiako Auzitegi Nazionalean Iurgi Garitagoitiaren eta Ugaitz Errazkinen kontrako epaiketa. 2008ko abenduaren 3an Inaxio Uria enpresari azpeitiarraren hilketan parte hartu izana egotzita epaituko dituzte Garitagoitia eta Errazkin, eta Auzitegi Nazionaleko fiskalak 49 urte eta bi hilabeteko kartzela zigorra eskatu du bakoitzarentzat, "legez kanpoko atxilotzea, ibilgailua lapurtzea, hilketa terrorista eta kalteak" leporatuta.

Fiskaltzaren arabera, Garitagoitia eta Errazkin ETAren Ezuste taldeko kideak ziren, eta talde horretako beste hiru kideak ziren Manex Castro, Beñat Aginagalde eta Joanes Larretxea. Azken hiru horiek espetxe zigorra betetzen ari dira dagoeneko Uriaren hilketagatik. Castro 2013an epaitu zuten Auzitegi Nazionalean, eta 44 urteko kartzela zigorra ezarri zioten; haren abokatuek sententziaren kontrako errekurtsoa aurkeztu zuten, baina Espainiako Auzitegi Gorenak epaia berretsi egin zuen 2014an. Aginagalde eta Larretxea, berriz, 2017an epaitu zituzten, eta haiei ere 44na urteko espetxe zigorra eman zieten.

Gaur, epaiketaren lehen egunean, deklaratu dute Garitagoitiak eta Errazkinek, eta biek ukatu dute Uriaren hilketan parte hartu izana. Fiskalaren arabera, Garitagoitiak, Castrorekin batera, atentatuan erabili zuten autoa lapurtu eta haren jabea bahitu zuen; Errazkin, berriz, Aginagalderekin eta Larretxearekin joan zen Loiolara, Uria hiltzeko. Garitagoitiak gaur esan du ez zuela lapurretan eta bahiketan parte hartu, eta ustezko taldearen kideetatik bakarra ezagutzen zuela, Larretxea. Errazkinek, berriz, Garitagoitia ez beste hirurak ezagutzen zituela adierazi du, baina ETAn 2009an sartu zela gaineratu du, eta ez zuela Uriaren hilketan parte hartu.

Gaur hasi den epaiketa ostegunean bukatuko da.