Herriko haur eskola publikoetako hezitzaileek bat egin dute grebarekin

Uztaro haur eskolako hezitzaileak, gaur goizean egin duten protestan. (Uztaro)

Haurreskolak Partzuergoko zentroetan hiru eguneko greba dago deituta, gaurtik asteazkenera bitartean. Uztaroko eta Urrestillako hezitzaile guztiek egin dute bat deialdiarekin, eta egingo dituzten mobilizazioekin bat egitera deitu dituzte herriko hezitzaileak, haur eskoletako gurasoak eta guraso ohiak, eta herritarrak.

ELA, LAB eta Steilas sindikatuek hiru eguneko greba deitu dute Haurreskolak Partzuergoaren sareko haur eskoletan. Gaur, bihar eta asteazkenean daude grebara deituta Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako haur eskola publikoetan, eta Azpeitian erabatekoa izango da grebaren jarraipena. Izan ere, bai Uztaro haur eskolan, bai Urrestillakoan, hezitzaile guztiek egin dute bat deialdiarekin.

Sei hezitzaile ari dira lanean Uztaron eta hiru Urrestillan, eta guztiek egingo dute greba hiru egunotan. Txandaka egingo dituzte greba egunak, hori bai; izan ere, "derrigortuta" daude gutxieneko zerbitzua ematera, eta horrek esan nahi du greba egunetan ere bi hezitzailek lan egin behar dutela haur eskoletan.

Arrazoiak eta atxikimendu eskaera

Uztaro haur eskolako eta Urrestillako haur eskolako hezitzaileek oharra plazaratu dute, grebaren arrazoiak azaltzeko eta herritarren atxikimendua eskatzeko.

"Haurreskolak Partzuergoaren gaur egungo errealitatea ez da oso xamurra. Besteak beste, gerente aldaketak ez du bidea erraztu. Bere negoziaziorako jarrera ezak, hainbat urteren poderioz lortutako akordioak eta lorpenak kolokan jarri ditu", azaldu dute haur eskola horietako langileek. Grebarekin aldarrikatu nahi dituzten eskaera nagusiak gogora ekarri dituzte: zerbitzuaren doakotasuna, Haurreskolak Partzuergoa Hezkuntza sailean integratzea "Haur Hezkuntzako bigarren zikloarekin batera", akordioak eta lan hitzarmena errespetatzea eta betetzea, eta langileen egonkortasuna.

Eskaera horiek babesteko eta grebarekin bat egiteko gonbita egin dute Uztaro eta Urrestillako haur eskoletakoek. Hiru egunetarako iragarri dituzte mobilizazioak, eta horietan parte hartzeko dei egin diete herriko hezitzaileei, haur eskolako gurasoei eta guraso ohiei, eta nahi duten herritar guztiei. Haur eskolaren atarian elkarretaratzeak egingo dituzte hiru egunotan, "zarata eta musika bidez gure egoera azaltzeko"; gaur goizean egin dute aurrena Uztarokoek, bihar 14:50etik 15:00etara elkartuko dira protestarako, eta etzi 08:50etik 09:00etara.

Uztarriak hainbat berrikuntza egin ditu bai webgunean, bai aldizkarian, eta zuen sostengu ekonomikoa behar du aurrera egiteko. Euskaraz, kazetaritza egiten segituko dugu, zuzentasunez eta zehaztasunez, eta zuek bide horretan lagun izatea nahi dugu. Elkarren beharra dugu!


Izan zaitez Uztarriako bazkide