Urolako trenaren itxierari jarritako bertsoak, gogora

Jon Elustondo 2021ko ots. 22a, 10:55

Urolako trena martxan jarri zutela 95 urte bete diren egunean, Imuntzo eta Epelarre trikitilariek Trikitilari Txapelketa Nagusian abestutako bertsoak ekarri ditu gogora Jon Elustondok.

1926. urtean, gaurko egunez jarri zuten martxan Urolako Trena, Zumarraga eta Zumaia (Gipuzkoa) artean. 60 urte geroago, 1986. urteko uztailaren 22an, egin zuen azken bidaia trenak, eta 1988. urteko otsailaren 8an amaitu zen behin betikoz tren haren ibilia.

Urte hartan bertan, Donostiako Belodromoan Trikitilari Txapelketa Nagusiaren finala jokatu zen, eta Juan Ramon Azpitarte Imuntzo eta Xabier Errasti Epelarre bikote azkoitiarrak Agiñaren ondorengo bertsoak abestu zituen trenaren itxiera salatzeko:

"Hau da tristura eta pena
ez da Urolako trena
ohostu digute bere
triki-traka eta sirena.

Zumarratik Zumairaino
eguzki euri eta laino
zer gauza politagorik
Urolako trena baino.

Baserritik azokara
fabrikatik hondartzara
tren trakets honen doinuan
hamaika dantzatu gara.

Jarriko dugu berria
zein gezur lotsagarria
jan zuten hitza salatuz
urratu gure eztarria.

Santa Lutzi dago triste
ta Inazio penaz bete
Urola hil zuten gizonak
madarikatzen dituzte".