Inaxio Uriaren hilketagatik epaituko dituzte Iurgi Garitagoitia eta Ugaitz Errazkin

Mailo Oiarzabal 2021ko ots. 21a, 15:31
Inaxio Uriaren oroitarria Loiolan, ETAk tiroz hil zuen tokian. (Mailo Oiarzabal)

49na urteko espetxe zigorra eskatu du haientzat fiskaltzak, EFE albiste agentziak jakinazi duenez. Epaiketa bihar izango da, Espainiako Auzitegi Nazionalean. 2008ko abenduaren 3an hil zuen ETAk enpresari azpeitiarra, eta hilketa hartan parte hartzea egotzita espetxe zigorra betetzen ari dira dagoeneko Manex Castro, Beñat Aginagalde eta Joanes Larretxea.

Inaxio Uriaren hilketan parte hartzea egotzita beste bi lagun epaituko dituzte bihar Espainiako Auzitegi Nazionalean: Iurgi Garitagoitia eta Ugaitz Errazkin. Espainiako EFE albiste agentziak jakinarazi duenez, fiskaltzak 49 urte eta bi hilabeteko espetxe zigorra eskatu du Garitagoitiarentzat eta Errazkinentzat "legez kanpoko atxilotzea, ibilgailua lapurtzea, hilketa terrorista eta kalteak" leporatuta.

Fiskaltzaren arabera, Garitagoitia eta Errazkin ETAren Ezuste taldeko kideak ziren, eta talde horretako beste hiru kideak ziren Manex Castro, Beñat Aginagalde eta Joanes Larretxea. Azken hiru horiek espetxe zigorra betetzen ari dira dagoeneko Uriaren hilketagatik. Castro 2013an epaitu zuten Auzitegi Nazionalean, eta 44 urteko kartzela zigorra ezarri zioten; haren abokatuek sententziaren kontrako errekurtsoa aurkeztu zuten, baina Espainiako Auzitegi Gorenak epaia berretsi zuen 2014an. Aginagalde eta Larretxea, berriz, 2017an epaitu zituzten, eta haiei ere 44na urteko espetxe zigorra eman zieten.

2008ko abenduaren 3an hil zuen ETAk Inaxio Uria, Loiolan, tiroz. Altuna y Uria Azpeitiko enpresako arduradunetakoa zen eta 71 urte zituen.