394 kasu positibo atzeman dituzte Hego Euskal Herrian

Nerea Uranga 2021ko ots. 21a, 13:36

Lau lurraldetan 7.918 proba diagnostiko egin dituzte, eta horietatik positiboak 394 izan dira.

Hego Euskal Herrian 394 positibo zenbatu zituzten atzo, larunbata. Lau lurraldeetan, denera, 7.918 PCR eta antigeno proba egin zituzten. Herenegungo datuekin (545 positibo) alderatuta, kasu positibo kopuruak behera egin du, baina ostiralean baino 3.432 proba gutxiago ere egin zituzten atzo Osakidetzak eta Osasunbideak. Positibotasuna %5ean dago egun, bezperan baino zertxobait altuago.

Eusko Jaurlaritzako eta Nafarroako Gobernuko osasun sailek emandako datuen arabera, honakoak dira datuak lurraldeka: Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan 6.295 PCR eta antigeno proba egin zituzten atzo, eta 337k eman zuten positibo, %5,4k. Araban 53 positibo zenbatu zituzten, Bizkaian 224 eta Gipuzkoan 56, eta beste lau positibo beste erkidego edo toki batzuetako pertsonek eman zuten. Nafarroan, berriz, herenegun baino kasu positibo bat gutxiago atzeman zuten atzo, 57. Lurralde horretan, guztira, 1.623 test egin zituzten eta positibotasun tasa %3,5ekoa da.

Osakidetzaren eremuko ospitaleen egoerari dagokionez, COVID-19aren ondorioz 36 pertsona ospitaleratu zituzten atzo, eta 144 pertsona daude ZIU Zaintza Intentsiboko Unitateetan ospitaleratuta, atzo baino bi gutxiago.

Herrikako datuak bihar, astelehena, jakinaraziko ditu Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailak. Joan den ostirala bitarteko datuak kontuan hartuta eremu horian dago Azpeitia. Datuen kopuruan behera egin zuen nabarmen azken egunetan herrian, eta hamalau eguneko 100.000 biztanleko intzidentzia tasa 275,95ekoa zen ostiralean.