Bana berdindu du Lagun Onakek Soduperekin Garmendipen

Mailo Oiarzabal 2021ko ots. 21a, 12:39
Atzoko neurketaren une bat. (Otola)

Bigarren zatian markagailuan aurrea hartu zuten bisitariek, baina laster lortu zuen berdinketaren gola Erdoziak. Beren multzoko sailkapenean azken postuan jarraitzen dute azpeitiarrek, hamar punturekin.

Berdinketa, eta gaitzerdi. Banako emaitzarekin bukatu zen atzo arratsaldean Lagun Onakek eta Sodupek Garmendipen jokatu zuten partida. Azpeitiarrek menderatu zuten jokoa zatirik handienean, eta aurkariaren areara sarritan iritsi ziren arren, gol aukera gutxikoa izan zen Espainiako Hirugarren Mailako 4B multzoko 18. jardunaldiko neurketa. Hala ere, etxekoen garaipenik ezean norgehiagoka husna bukatuko zela ematen zuenean, bizkaitarren gola iritsi zen. Sustoari buelta azkar eman zion Ander Avellanedaren taldeak, baina puntu bat besterik ezin izan zuen berreskuratu.

Partida hasi eta berehala, lehen minutuan, gol aukera argia izan zuten Sodupekoek, baina ez zuten asmatu. Jokaldi hori, ordea, ez zen izan gero etorriko zenaren erakusle. Lagun Onakek hartu zuen jokoaren agintea, baina nagusitasun horrek ez zuen islarik izan markagailuan. Etxekoek hainbat korner izan zuten alde, baina ez zuten abagune argirik izan.

Bigarren zatia ildo beretik hasi zen, jokoa Soduperen zelaian, eta etxekoak kornerrak ateratzen, baina minik egin gabe. 68. minutuan, berriz, kolpea: etxekoek ez bezala, Sodupekoek etekina atera zioten beren lehen kornerrari, eta baloia zuzenean sareratu zuten, gainera. Gol olinpikoa eta 0 eta 1ekoa markagailuan. Lagun Onakek, zorionez, hamar minutura lortu zuen berdinketare gola: Azurmendik erdiraketa ona egin zuen ezker aldetik, eta Erdoziak, buruz, gol bikaina lortu zuen. Gol horrek hauspotuta, garaipenaren bila ahalegindu zen Azpeitiko taldea, baina ez zuten helburua lortu.

Atzoko puntuarekin, guztira hamar dauzka Lagun Onakek eta bere multzoko sailkapenaren zuloan jarraitzen du. Datorren asteburuan Durangoren zelaian jokatuko du.