Digitalizazioari lotutako tailerrak antolatu ditu Iraurgi Berritzenek, merkatari eta negozio txikientzat

Nerea Uranga 2021ko ots. 21a, 10:29

Merkatari eta negozio txikien egungo erronketako bat digitalizazioa da. Nahi horri "erantzuteko" asmoarekin, UEskuartzen egitasmoaren barruan, Kapazitazio tailerrak antolatu ditu Iraurgi Berritzeneko Ekintzailetza arloak. Lehenengo saioa otsailaren 25ean izango da, eta Internet eta sare sozialek eskaintzen dituzten aukerez ariko dira.

Urola Erdiko merkatari eta negozio txikiek gaur egungo egoeraren aurrean duten erronketako bat digitalizazioa da. Hori kontuan hartuta, ekainera bitartean Kapazitazio tailerrak antolatu ditu Iraurgi Berritzeneko Ekintzailetza arloak, UEskuartzen egitasmoaren barruan.

Urtearen lehen seihilekoan egingo dituzte Urola Erdiko merkatari eta negozio txikiei zuzendutako saioak Azkoitian, Azpeitian eta Zestoan. Aurreneko tailerra datorren ostegunean, otsailaren 25ean, izango da, 14:30etik 16:30era, Azkoitiko Intsausti jauregian. Marketing digital praktikoa izenburuko tailer horretan, Internetaren eta sare sozialen erabilgarritasuna eta aukerak aztertuko dituzte. Hilero saio bana egingo dute eta horietan erreminta bakoitza landuko dute xeheago.

Saioetan izena emateko Klink webgunera jo behar da.