Koronabirusa Azpeitian

545 positibo atzeman zituzten atzo Hego Euskal Herriko lau lurraldeetan

Onintza Lete 2021ko ots. 20a, 14:15

Positibotasuna %5etik behera dago: Nafarroan %3,6koa da, eta %5ekoa Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan.

Hego Euskal Herrian 545 positibo zenbatu dituzte atzo egindako 11.350 PCR eta antigeno probetan. Hala, positibotasuna %5etik behera dago une honetan. Bezperan ere antzeko datuak eman zituzten, 570 positibo zenbatu baitzituzten. Duela astebete altuagoa zen positibotasuna; esaterako, %5,5ean zegoen Araba, Bizkai eta Gipuzkoan, eta orain %5ean dago. Positiboak ere gehiago izan ziren, hiru lurralde horiek soilik kontuan hartuta, 613 kasu berri atzeman baitziren.

Atzoko datuak zehatzago azalduta, Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan 9.747 PCR eta antigeno proba egin zituzten, eta 487k eman zuten positibo; hau da, %5ek. 70 positibo Araban agertu ziren, 301 Bizkaian, 113 Gipuzkoan, eta beste hiru positibo beste erkidego edo toki batzuetako pertsonek eman zuten.

Nafarroan, berriz, 58 positibo zenbatu zituen atzo Osasunbideak, 1.603 test egin ondoren. Positibotasun tasa %3,6koa da han.

Osakidetzaren eremuko ospitaleen egoerari dagokionez, COVID-19aren ondorioz 53 pertsona ospitaleratu zituzten atzo, eta 146 pertsona daude ZIU Zaintza Intentsiboko Unitateetan ospitaleratuta, bezperan baino hamar gutxiago.

Azpeitia eta Urola Kosta, eremu horian

Astelehenean ezagutuko dira herriz herriko datuak, baina aste bukaerara behintzat egoera nahiko onean iritsi da eskualdea. Izan ere, hainbat herrik asteak eta asteak egin ondoren eremu gorrian nahiz laranjan, atzo guztiak eremu horian zeuden.