Koronabirusa Azpeitian

Astebetean sei positibo zenbatuta, eremu gorritik horira igaro da Azpeitia

Ihintza Elustondo 2021ko ots. 19a, 12:39

Atzo ez zuten positiborik baieztatu herrian, eta sei atzeman dituzte aste guztian. Intzidentzia tasak izugarri egin du behera: duela astebete, 630,75ekoa zen hamalau eguneko 100.000 biztanleko positibo metatuen kopurua, eta gaur-gaurkoz, 275,95ekoa da zifra hori.

Astebetean goitik behera aldatu da Azpeitiko egoera, COVID-19ak eragindako izurriari dagokionez. Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailak emandako datuen arabera, atzo ez zuten positiborik atzeman herrian, eta azken astebetean sei zenbatu dituzte guztira; kontuan hartzekoa da joan zen astean 35 kasu baieztatu zituztela. Positiboen beherakadak eraginda, izugarri jaitsi da hamalau eguneko 100.000 biztanleko intzidentzia tasa: 275,95ekoa da gaur-gaurkoz, eta beraz, eremu horira igaro da Azpeitia. Duela astebete, bestelakoa zen panorama: 630,75ekoa zen intzidentzia tasa, eta eremu gorrian zen herria.

Urola Kostako egoerak ere, oro har, hobera egin du azken egunotan. Atzo, bederatzi positibo zenbatu zituzten eskualdeko 11 herrietan, eta intzidentzia tasari dagokionez ere, aspaldiko onenak dira datuak; izan ere, gaur-gaurkoz, eskualdeko herri guztiak eremu horian aurkitzen dira.

Bederatzi kasu positiboetatik lau Zarautzen zenbatu zituen atzo Osasun Sailak. 100.000 biztanleko azken hamalau egunetako kasu metatuen tasak gora egin du herri horretan, baina oraindik ere eremu horian jarraitzen du Zarautzek. Gaur-gaurkoz, 278,41ko intzidentzia tasa dute han. 

Kasuen hazkunde txiki bat izan du Zumaiak ere azken egunetan: bi positibo atzeman zituen atzo Osakidetzak herri horretan, eta 213,70eko intzidentzia tasa dute. Aian, Getarian eta Zestoan, kasu bana zenbatu zuten atzo. Aizarnazabalen, Azkoitian, Azpeitian, Beizaman, Errezilen eta Orion, berriz, ez zuten positiborik zenbatu. 

Kasuen beherakada Hego Euskal Herrian

Hego Euskal Herrian ere beheranzko joera hartu du izurriteak; guztira, 570 positibo zenbatu zituzten atzo lau lurraldeetan.

Osakidetzak 10.234 proba egin zituen atzo Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan, eta horietatik 505ek eman zuten positibo; %4,9ko positibotasun tasa izan zen atzo hiru lurralde horietan. Araban 67 kasu atzeman zituzten, 284 Bizkaian eta 149 Gipuzkoan. Hiru lurralde horietatik kanpoko bost lagunek ere positibo eman zuten. Erietxeetako datuei dagokienez, atzo beste 54 lagun ospitaleratu zituzten Araba, Bizkai eta Gipuzkoako zentroetan. Gaur-gaurkoz, 391 lagun daude ospitaleratuta hiru lurralde horietan; 156 ZIUetan.

Nafarroan, berriz, ehun kasutik behera izan dituzte beste behin ere. Hain zuzen ere, 65 positibo atzeman zituzten atzo egindako 1.793 probetan. Ondorioz, positibotasun tasa %3,6ra jaitsi da lurralde horretan.