'Aita Mari' ontziko soroslea

Javier Telleria: "Portura iristean hasten da etorkinen bigarren infernua"

Mediterraneo itsasoan da hainbat urtez Azpeitian bizi izandakoa, Aita Mari ontziarekin, erreskate lanetan. Aurrenekoz joan da zeregin horretara, eta itsasora ateratzen diren pertsonei laguntzeko "gogoz" dago.

Aita Mari erreskate ontzia joan zen ostiralean abiatu zen Adratik (Almeria, Espainia) Mediterraneo itsasorantz. Itsas Salbamendu Humanitarioa (ISH) gobernuz kanpoko erakundeak Mediterraneoan migratzaileak erreskatatzeko erabiltzen duen ontzia da Aita Mari, eta oraingoan, Libia du jomugan. Hain zuzen ere, Libia eta Italia arteko migrazio bidera iristeko ordu batzuk falta zitzaizkiela hitz egin zuen Urola Kostako Hitzak Javier Telleria (Donostia, 1959) Azpeitian hainbat urtez bizi izandakoarekin. Atzo 102 pertsona erreskatatu zituen ontziak, baina elkarrizketa hau aurrez egindakoa da. Telleria soroslea da, eta lehen aldiz parte hartuko du erreskate lanetan.

Nolatan batu zara Aita Mariren zereginetara?

Kasualitatez. Harremana nuen Azkoitiko Parrokiako erretorearekin, Parrokiako taldearekin eta Itsas Salbamendu Humanitarioko kide batekin, eta abenduan esan zidaten sorosle bat behar zutela itsasontzian Libiara joateko. Soroslea naizenez eta denbora banuenez, joateko prest agertu nintzen. Hemen nago berriz ere, urte askoren ostean, itsasoan; oraingoan pertsona koitadu horiei laguntzeko prest.

Asteak pasatu dituzue Adran, ez aurrera, ez atzera. Zer gertatu da?

Aita Mari abenduren 23an iritsi zen Adrara, eta 50 egun igarota itsasoratu zen joan zen ostiralean. Adran pasatutako egunak luzeak eta gogorrak izan dira, eta itsasontziari ikuskapen zorrotzak egin dizkiote. Ontzia lehorrean zela oso urduri egon gara eskifaiako eta ISHko kideak, Mediterraneoko heriotzaren korridorean baitzeuden pertsonak egunero. Une oso hunkigarria bizi izan genuen ostiralean, Mediterraneora abiatu aurretik; izan ere, Adran jende asko aritu da lanean, eta itsasontziaren irteera pozik hartu zuten horiek. Dena prest dugu atera ginen unetik, edozein momentutan edozer gerta baitaiteke.

Zenbat lagun zaudete Aita Mariko lantaldean?

Legez itsasontzian izan behar duten zortzi lagun eta bost boluntario; hau da, lehen kapitaina, lehen ofiziala, bigarren ofiziala, bi marinel, sukaldari bat, bi makinista, kazetari bat, mediku bat, bi erizain eta sorosle bat. Ontziko kideon artean oso giro ona dago, eta oso pozik nago. Ni naiz zaharrena, denen aitona.

Zein da Libia eta Italia artean, itsasoan, dagoen errealitatea?

Mediterraneoan egunero ari dira hiltzen pertsonak; asko gazteak dira. Horiek bizitzeko eskubidea dute, libre bizitzekoa, baina lehen giza eskubidea ukatuta dute: libre jaiotzea. Askatasun bila ateratzen dira itsasora, bizitza berri baten bila, eta prest daude bidean bizitza uzteko; askok lagatzen dute, zoritxarrez. Itsasoa ederra da eguzkitan zaudenean eta lasai dagoenean, baina Mediterraneoan hotz egiten du, eta pertsona horiek oso baldintza eskasetan sartzen dira itsasora.

Jarraitu elkarrizketa irakurtzen Urola Kostako Hitzaren webgunean.

Uztarriak hainbat berrikuntza egin ditu bai webgunean, bai aldizkarian, eta zuen sostengu ekonomikoa behar du aurrera egiteko. Euskaraz, kazetaritza egiten segituko dugu, zuzentasunez eta zehaztasunez, eta zuek bide horretan lagun izatea nahi dugu. Elkarren beharra dugu!


Izan zaitez Uztarriako bazkide