Bailarako ibaien egoeraren gaineko argazki erakusketa irekiko dute astelehenean

Mailo Oiarzabal 2021ko ots. 20a, 10:00
Udazkeneko ibai garbiketetan hartutako irudi bat da hau.

Ibaieder eta Errezil erreka garbitzeko lanetan jasotako irudiak eta Urola ibaiaren egoera islatzen dutenak batu ditu Urola Bizirik taldeak. Astelehenetik ostiralera arte izango da ikusgai, Foru Ibilbideko erakusketa aretoan.

Urola bailarako ibaien eta erreken egoeraren gaineko argazki erakusketa prestatu du Urola Bizirik taldeak. Foru Ibilbideko udal erakusketa aretoan jarriko dute eta datorren astelehenetik ostiralera, hilaren 22tik 26ra, ikusgai izango da, 18:00etatik 20:00etara.

Irudiak "bi multzo handitan" banatu dituztela azaldu dute erakusketaren antolatzaileek. Horrela, Errezil erreka eta Ibaieder garbitzeko saioetan hartutako irudiak erakutsiko dituzte, batetik; eta Urola ibaiarenak, bestetik. Guztira, 75 argazkik osatuko dute erakusketa, eta bideo labur bat ere ikusi ahal izango dute aretora joaten direnek.

Erakusketan, "ibaiek jasaten dituzten erasoak azaleratu" nahi ditu Urola Bizirikek: "Bioaniztasun handiko guneak izanda, ezinbestekoa dugu ibaiak ezagutzea, jasaten dituzten erasoez kontzientziatzea eta kontserbatzea, gaur egungo eta datozen belaunaldien onerako. Ibaiak zaindu beharreko altxorrak ditugu!".