Pablo Haselen aldeko elkarretaratzea deitu dute gaurko Urola Erdiko Kontseilu Sozialistak eta GKSk

Mailo Oiarzabal 2021ko ots. 19a, 08:49
Pablo Hasel.

Plazan egingo dute, 19:00etan hasita, Pablo Hasel askatu! Amnistia osoa leloarekin. Bertan, Haselen "askatasuna eta kaleratzea" aldarrikatuko dute, baita "egun hauetan jazarpen polizialari aurre egiteagatik errepresioa jasan duten guztiena ere".

Pablo Hasel rap kantari kataluniarraren espetxeratzea salatzeko eta haren askatasuna eskatzeko elkarretaratzea egingo dute gaur arratsaldean Azpeitian. Plazan izango da, 19:00etan hasita, eta Pablo Hasel askatu! Amnistia osoa leloarekin egingo dute bilkura, Urola Erdiko Kontseilu Sozialistak eta Urola Erdiko Gazte Koordinadora Sozialistak (GKS) deituta.

Herenegun espetxeratu zuten Hasel Lleidako (Katalunia) Ponent espetxean, Espainiako Auztegi Gorenak ezarritako zigorra betetzeko: bederatzi hilabeteko kartzela zigorra, sei urteko inhabilitazioa eta 30.000 euro inguruko isuna, "terrorismoa goratzea" eta "koroa eta Estatuko erakundeak iraintzea" egotzita. 2014an zigortu zuten epaitegietan lehen aldiz Hasel. Espainiako Auzitegi Nazionalak bi urteko espetxe zigorra ezarri zion orduan "terrorismoa goratzea" leporatuta, kantu batean Grapoko kide bati gorazarre egiteagatik, baina ez zuten kartzeleratu. 2018an epaitu zuten berriro, aurreko delitu bera eta "koroa eta segurtasun indarrak iraindu" izana egotzita, Twitterren zabaldutako mezu batzuengatik. Berriro bi urteko espetxealdia ezarri zioten, baina helegitea aurkeztu ondoren, bederatzi hilabetera murriztu zuen zigorra Espainiako Auzitegi Gorenak. Iazko ekainean eman zuen epaia Gorenak. Joan den ostiralean amaitu zitzaion Haseli bere kabuz kartzelan sartzeko epea, baina halakorik ez zuela egingo iragarria zuen lehendik musikariak. Horrela, astelehenean, hainbat lagunen babesarekin, itxialdiari ekin zion Lleidako Unibertsitatean, eta han atxilotu zuten Mossoek biharamunean.

Haselen espetxeratzea adierazpen askatasunaren kontrako eraso larri gisara salatu dute hainbat ahotsek, eta rap kantariaren askatasuna eskatzeko mobilizazio ugari egin dira azken egunetan.

Urola Erdiko Kontseilu Sozialistak eta GKSk Haselen atxiloketa ez ezik azken egunotan izandako atxiloketak ere salatu dituzte: "Haselen askatasuna eta kaleratzea aldarrikatzen dugu, baita egun hauetan jazarpen polizialari aurre egiteagatik errepresioa jasan duten guztiena ere. Kataluniako abeslari eta militantearen kartzelaratzea oinarrizko eskubideen ezapamenaren adibide garbia da, zehazki adierazpen askatasunaren ezabapenarena". Horrez gain,  kataluniarraren espetxeratzeak "askatasun eza" erakutsi duela salatu dute: " Pablo Haselen atxiloketak Espainiako erregimen burgesaren aurka adierazteko askatasun eza erakutsi du. Ezinbestekoa da dominazio eta injustizia gertakariei aurre egitea eta era berean adierazpen askatasuna defendatzea".