Bizikletentzat aparkaleku berriak eta gaikako ontzi gehiago jarri ditu udalak Urola Ikastolan

Maialen Etxaniz 2021ko ots. 18a, 13:03

Urola Ikastolako ikasleen eskariei erantzun die udalak, eta bizikletentzat aparkaleku berriak nahiz hondakinak gaika sailkatzeko ontzi gehiago jarri ditu erakundeak ikastetxeko jolastokian nahiz kanpoko aldean. Guztira, 10.900 euroko aurrekontua izan dute berritze lanek.

Herriko ikastetxeetan egiten den Agenda 21 proiektua tarteko, Urola Ikastolako DBH3ko ikasleek "ikastetxea eta ingurumena zaintzeko bi eskari" egin zituzten, eta Azpeitiko Udalak eskaera horiei erantzun die.

Ikasleek eskatu zuten gaikako bilketa sustatzeko ikastetxearen inguruan nahiz jolastokian ontzi gehiago jartzeko eta bizikletak aparkatzeko azpiegiturak aldatzeko, aparkalekuak "zaharkituta zeudelako eta bizikletetan arazoak sortzen zituztelako". Azpeitiko Udalak eskaera horiei erantzunez, ikastetxeko bizikleta aparkaleku guztiak berritu ditu, "lehen sortzen ziren arazoak ekiditeko beste modu bateko azpiegiturak" jarrita. Horrez gain, hondakinen gaikako bilketarako hamabi ontzi berri ere jarri ditu udalak. Erakundeak azaldu duenez, Iraia Korta eta Pello Odriozola DBH3ko ordezkariek bideratu zuten eskaera, eta udalaren erantzunarekin "gustura" agertu dira. Aitor Bereziartua Ingurumen zinegotziak "ingurumena zein herria hobetzeko eskaerak" egiten jarraitzera animatu ditu ikasleak. 

Udalak jakinarazi duenez, ikastetxeko bizikleta aparkalekuak aldatzeak 7.800 euro inguruko kostua izan du, eta gaikako edukiontzi gehiago jartzeak 3.100 euro ingurukoa. Beraz, guztira 10.900 euroko aurrekontua izan dute berritze lanek.