Koronabirusa Azpeitian

Positibo berririk ez dute atzeman Azpeitian, bigarren egunez jarraian

Amaia Urbieta 2021ko ots. 16a, 13:29

Hamalau eguneko intzidentzia tasak beheranzko joerari eusten dio eta, atzoko datuekin, 387,65ekoa da. Urola Kostako herrietan denera hamabi positibo zenbatu zituen atzo Osasun Sailak, erdiak Zarautzen.

Igandean bezala, atzo ere ez zen positibo berririk izan Azpeitian. Asteburuko satuen ondoren eremu gorritik laranjara igaro ostean, hamalau eguneko 100.000 biztanleko intzidentzia tasak beste koska bat egin du behera atzoko datuekin, eta 387,65ekoa da uneotan. Azken zazpi egunetan, berriz, denera hamabi positibo zenbatu dituzte herrian.

Eta hamabi positibo atzeman zituzten atzo, hain zuzen ere, Urola Kosta eskualdean, horien erdiak Zarautzen. Aurreko hiru egunetan adina atzeman zituzten atzokoan, baina intzidentzia tasa ez da igo herri horretan, mantendu egin da: 316,96ean dago zifra gaur-gaurkoz. Zestoan hiru kasu atzeman zituzten atzo, hori dela eta, hamalau eguneko intzidentzia tasak 500eko langa gainditu du herri horretan. 539,29ekoa da tasa, baina 5.000 biztanletik beherako herria denez, ez da aplikatzen Eusko Jaurlaritzak ezarritako semaforoen sistema. Kasu berriak atzeman dituzten beste bi herriak Aia eta Zumaia dira. Hurrenez hurren, bi kasu eta kasu bakarra atzeman dituzte herri horietan. Dena den, intzidentzia tasak behera egin du Aian (201,51koa da gaur eta 251 zen atzo), eta mantendu egin da Zumaian (213,70ean dago tasa).

Eskualdeko gainontzeko herrietan ez zuten positibo berririk atzeman atzo, beraz, eremuei dagokienean, ez da aldaketa handirik izan. Eremu gorritik kanpo jarraitzen dute eskualdeko herri guztiek; eremu laranjan daude Azpeitia, Orio eta Zarautz, eta horian Azkoitia eta Zumaia.

Beheranzko joera Hego Euskal Herrian

Urola Kosta eskualdea ez da salbuespena, izan ere, azken egunetan apaltzera egin dute Hego Euskal Herrian atzemandako kasu berriek, eta atzoko datuek joera hori berretsi dute. Denera, 11.311 PCR eta antigeno proba egin zituzten atzokoan, eta horietatik 512k eman zuten positibo. 45ek Araban, 293k Bizkaian, 106k Gipuzkoan eta 9k hiru lurralde horietatik kanpo. Nafarroan, berriz, 59 izan ziren atzemandako kasu berriak. Hala, positibotasun tasa %5 baino txikiagoa da Hego Euskal Herrian. %3,4koa da Nafarroan eta %4,7koa Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan. 

Dena den, erietxeetako egoerak gordina izaten jarraitzen du oraindik ere. 60 pertsona ospitaleratu zituzten atzo Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan koronabirusagatik, eta une honetan 438 lagun daude ospitaleratuta hiru lurralde horietan, herenegun baino 36 gutxiago. Zainketa Intentsiboen Unitatean, berriz, koronabirusa duten 168 gaixo daude.