Koronabirusa Azpeitian

Jaurlaritzaren neurri berrien inguruko galdera-erantzunak

Labiren batzorde teknikoak egindako txostenean oinarrituta, Iñigo Urkullu Eusko Jaurlaritzako lehendakariak COVID-19aren izurria kontrolatzeko neurri berriak jakinarazi zituen joan den ostiralean. Atzo sartu ziren indarrean neurri horiek, eta hona hemen arau berrien inguruko galdera-erantzunak:

Indarrean jarraitzen al du lau pertsonatik gorako taldeetan espazio publiko eta pribatuetan egoteko mugak?

Bai, bizikideak badira izan ezik.

Indarrean jarraitzen al du Euskal Autonomia Erkidegoan sartzeko eta irteteko mugak?

Bai.

Udal konfinamenduak indarrean jarraitzen al du?

Bai. Nolanahi ere, mugakide diren eta ohiko joan-etorriak dituzten udalerrien arteko mugikortasuna baimentzen da, lurralde historikoa edozein dela ere, gizarte, ekonomia eta kirol jarduerak edo aire zabaleko jarduera fisikoa egiteko.

Zer da udalerri mugakidea?

Bizilekuaren ondoko udalerria da, eta zuzenean sartzen da bertara, beste udalerri batzuetatik igaro gabe.

Zein alde dago intzidentzia tasa metatua 100.000 biztanleko 500 edo gehiago duen udalerri baten edo hori baino gutxiago duen udalerri baten artean?

Intzidentzia tasa metatua 100.000 biztanleko 500 kasu edo gehiagokoa duten udalerrietan, bertan behera geratzen dira eskola kirola eta taldeko kirola, bai entrenamenduei dagokienez, bai lehiaketei dagokienez. Honako kasu hauek salbuespenak dira: lehiaketa profesionalean edo erdi-profesionalean murgilduta dauden taldeen entrenamenduak eta kirol lehiaketak; gimnasioetan, kirol klubetan edo kiroldegietan programatutako ikastaroak edo jarduerak; eta jarduera fisikoa eta kirol jarduera aire zabalean eta gehienez sei pertsonako taldeetan egiten den kasuak.

Nola justifikatu daitezke irteerak udalerritik?

Dokumentu honen eranskinean erantzukizunpeko adierazpenaren eredu bat eskaintzen da, eta eredu hori erabil daiteke lekualdaketaren arrazoia egiaztatzeko, beste modu batean justifikatu ezin bada.

Joan al naiteke ondoko herriko mendira?

Bai. Gehienez sei pertsonako taldean joan zaitezke bizi zaren udalerriko edo ondoko udalerriko mendira.

Gera al naiteke bost lagunekin bizikletaz inguruko herri mugakideetan barrena ibiltzeko?

Bai. Bizilekuaren mugakide diren udalerrietan barrena bakarrik. Federatutako pertsonak badira, ibilbideak egin ditzakete Araba, Bizkai eta Gipuzkoa osoan zehar, betiere jatorrizko udalerriak 500 kasu baino gutxiagoko Intzidentzia tasa metatua badu 100.000 biztanleko.

Atera al naiteke oinez konpainiarekin eta alboko herrietara joan?

Bai, bizilekuaren mugakide diren udalerrietara bakarrik.

Baratzeetara joan al daiteke?

Bai, baratzea dagoen udalerrira joan daiteke, mugakidea den ala ez kontuan hartu gabe, eta bi udalerrietan intzidentzia tasa metatua kontuan hartu gabe.

Alboko udalerriko tabernara kafea hartzera joatea jarduera sozio-ekonomikotzat hartzen al da?

Bai.

Aitona-amonak joan daitezke biloba bisitatzera, udalerri berean bizi ez badira?

Ez nahastu bisita eta zainketa. Familia arteko bisita bada, bizi garen udalerrian bakarrik egin dezakegu. Adinekoak, adingabeak, mendeko pertsonak, desgaitasuna duten pertsonak edo bereziki ahulak diren pertsonak zaintzera joanez gero, posible da.

Joan al naiteke autonomia erkidego berean dagoen bigarren etxebizitza batera?

Ez. Ohiko bizilekua duzun udalerri berean badago bakarrik.

Zalantza gehiago izanez gero, Jaurlaritzaren dokumentu honetan aurki daiteke informazio osatua.

Uztarriak hainbat berrikuntza egin ditu bai webgunean, bai aldizkarian, eta zuen sostengu ekonomikoa behar du aurrera egiteko. Euskaraz, kazetaritza egiten segituko dugu, zuzentasunez eta zehaztasunez, eta zuek bide horretan lagun izatea nahi dugu. Elkarren beharra dugu!


Izan zaitez Uztarriako bazkide