Iñaki Petxarroman: "Naturan eragiten ditugun kalteak gugana iritsiko dira bueltan lehenago edo beranduago"

Julene Frantzesena 2021ko ots. 16a, 12:57
Iñaki Petxarroman.

Iñaki Petxarroman (Lasarte-Oria, 1973) kazetariak hitzaldia eskainiko du bihar, asteazkena, Sanagustin kulturgunean. Ezezagunerako bidaia. Mundua, klima eta ekologia krisian liburua abiapuntu hartuta ariko da solasean, eta COVID-19aren pandemia, klima aldaketa eta ekologia galera izango ditu hizpide, besteak beste.

Hiru gai potolo harilkatu dituzu hitzaldiaren izenburuan: pandemia, klima aldaketa eta galdera ekologikoa. Zer dela eta?

Lotura hori antolatzaileek egin dute. Guk liburuan landu ditugun gaiak klima eta ekologia krisia dira. Horiek lantzen ari ginela, hainbat aditurekin hitz eginda-eta ardatz guztiak lotzen ari ginela, COVID-19aren pandemia iritsi zen. Horrek sekulako astindua eman zion gizarte osoari; aktualitate guztia eta gure kezka guztiak harrapatu zituen. Gaiari begiratzen hasi ginen, eta konturatu ginen aztertzen ari ginen gaiarekin, ekologia krisiarekin, izugarrizko lotura zuela. Finean, zientzialariek eta adituek adierazia dute, batetik, bioaniztasunaren galerak askoz ere kalteberago bilakatzen gaituela balizko pandemien aurrean –birusak, patogenoak...–, eta bestetik, klimaren baldintzen aldaketek gure inguruan ez zauden hainbat gaixotasun erakar ditzaketela. Liburuaren azken atala horri eskaini genion.

Hitzaldiaren izenburuan galdera bat dago jasota: 'nora goaz?'. Hain zuzen ere, klima aldaketaren eta galera ekologikoaren ondorioz, nora goaz?

Testuinguru orokorra da klima eta ekologia baldintzen okertzeak mundu nolabait arriskutsuago batera garamatzala. Mundu arriskutsu horretan sartzen da muturreko meteorologia fenomenoen –elurteak, lehorteak, euriteak... gogortzea– eta baldintza ekologikoen okertzea. Izan ere, badakigu azken urteetan izan diren pandemia nagusiak –IHESA, ebola edo COVID-19a– oihan tropikalen deusestatzearen ondorio direla,  zoonosien bidez animalia basatietatik gugana iritsi direlako. Ekosistema horietara joaten gara gizakiok ustiapenak egitera, hala nola abeltzantzarako edo nekazaritzarako lur berriak sortzera edo bestelako ustiapenak egitera –meategiak, erregai fosilak...–, eta suntsiketa horren ondorioz, normalean jarriko ez ginatekeen arriskuen aurrean jartzen gara. Ekosistema horietan gordeta dauden birus eta patogenoen aurrean jartzen gara, eta kontaktu zuzena izanik, gugana iristen dira. Adituek diotenez, bioaniztasunari eustea eta bioaniztasuna handitzea da gure bizitza segurua bermatzeko giltza. Hala izan ezean, pandemia bat gurera iristen denean, bestelako inbertsioak egin behar ditugu. Naturan eragiten ditugun kalteak gugana iritsiko dira bueltan lehenago edo beranduago, eta hori landuta dago jada hainbat zientzia artikulutan eta ikerketatan.

Ondorio horiei "ezezagunerako bidaia" deitzen diezu. Zer da ezezagunerako bidaia?

Sartzen ari garen mundu honetan aldaketak oso azkarrak dira klima aldaketaren eta bioaniztasunaren galeraren ondorioz, eta hori da ezezagunerako bidaia. Klima aldaketaz galdetzean, adituek diote atzera bueltarik gabeko aldaketan gaudela eta gure esku dagoela nolabait iritsiko garen helmuga hori hobea edo okerragoa izatea. Aldaketa garai batean sartuta gaude, eta horrek ez du atzera bueltarik, baina gure esku dago neurriak ahalik eta azkarren hartzea eta horiek ahalik eta indartsuenak izatea, kalteak ahalik eta txikienak izan daitezen. Horri lotuta, berotegi gasen isurketak ahalik eta gehien gutxitzea eta deskarbonizazio prozesua ahalik eta azkarren egitea komeni da, baibaitakigu hamarkada askotako berandutzea dugula gai horri dagokionez. Duela bizpahiru hamarkada hasi beharreko bira oraintsu hasi dugu, eta zientzialariek esana dute 2020-2030 hamarkada dela ontzia zuzentzeko eta norabidea aldatzeko daukagun azkena.

Zer egin beharko litzateke norabidea aldatzeko?

Garbi dago klima aldaketari aurre egiteko berotegi gasen isurketak murriztu behar direla, eta horretarako, gure energia, garraio nahiz nekazaritza sistemak eraldatu behar lirateke; finean, sistema ekonomikoa da aldatu behar dena. Eraldaketa hori ez da soilik erregai fosilak jatorri berriztagarridun erregaiekin ordezkatuta egin behar, gure kontsumoari eta ekoizpenari ere begiratu behar diegu. Ezinbestean hasi behar dugu pentsatzen lurrak bere mugak dituela eta muga horien barruan mugitu behar dugula; eta muga horiek gainditu ditugunez, kontsumoa eta ekoizpena murrizten hasi behar dugu. Badakit ekonomia kapitalistaren babesleei ez zaiela batere gustatzen hitz hau, baina ekonomia materialaren desazkuntza bat hasi behar da.

Klima aldaketaren ondorioak nabaritzen ari dira han eta hemen. Euskal Herrian nola ari da eragiten eta nola eragin dezake?

Euskal Herrian modu askotan ari da eragiten dagoeneko. Gero eta uda beroagoak eta luzeagoak ditugu, kostaldeko itsas maila igotzen ari da urtez urte. Hori dela eta, hondartza txikiagoak izango ditugu, enbatek inpaktu handiagoa izango dute, lehorteak elikagaien sorreran eragingo dute... Eraginak era guztietakoak izango dira. Gainera, ez gara uharte bat, eta munduko beste lekuetan jazoko diren ondorioek guri ere eragingo digute. Horren adibide garbia da pandemia: Txinan edo Angolan sor daiteke, baina mundu globalizatuan, leku batean sortzen dena denbora gutxian iristen da beste batera; ia ezinezkoa da isolatzea. Beraz, klimari dagokionez, munduko edozein tokitan gertatzen dena gurera iritsiko da edo irits daiteke. Denok itsasontzi batean gaude sartuta, eta denoi dagokigu arraun egitea, egoerari buelta emateko. Gainera, ez gaude munduan ahalmen gutxien duen tokian, gu baino askoz okerrago dauden lekuak ere badaude, eta horri lotuta justizia sozialaren gaia ere landu behar da; izan ere, hor dago, adibidez, errefuxiatu klimatikoen gaia. Egoerari nola aurre egin pentsatu beharko dugu, joera mugak eta harresiak jartzea izaten delako eta hori ez delako irtenbidea.