Datozen egunetan hainbat espezietako 50 zuhaitz landatuko ditu udalak

Julene Frantzesena 2021ko ots. 16a, 09:06
Iazko Zuhaitz Eguneko irudi bat.

COVID-19aren pandemia dela eta, aurtengo Zuhaitz Eguna ez da beste urteetakoa bezalakoa izango. Herritarrek ez dute zuhaitzak landatzeko aukerarik izango, baina datozen egunetan Kimu Bat enpresa arduratuko da herriko hainbat txokotan 50 zuhaitz landatzeaz.

COVID-19aren pandemia dela eta, aurtengo Zuhaitz Eguna ez da beste urteetakoa bezalakoa izango. Dena den, berdeguneen eta ingurumenaren zaintzaren bueltan egiten duen lanarekin jarraituz, zuhaitz landaketa egitea erabaki du Azpeitiko Udalak. Aurten, baina, herritarrek ez dute parte hartuko landaketan; Kimu Bat enpresak landatuko ditu zuhaitzak.

Datozen egunetan askotariko espezietako 50 zuhaitz landatuko dituzte herriko hainbat txokotan –zazpi tulipero, hamasei likindabarra, 11 urkizuri eta urki, lau gereziondo, bi ezki, bi pago, bi hibiscus syriacus eta artea nahiz astigar, taxodium distichum eta sequoia semperviven bana–. Erakundeak zehaztu duenez, Loiolara bidean, bidegorrian, Goenagan, Antzibarrenan, Garmendin, Salben, Euskal Herrian eta Izarraizko Atea parkean eta haren inguruan landatuko dituzte zuhaitzak.

Aitor Bereziartua Ingurumen batzordeburuaren hitzetan, zuhaitzek duten garrantzia tarteko erabaki dute landaketa egitea: "Askotan, ahaztu egiten zaigu zuhaitzek ingurumenean duten garrantzia. Baina Azpeitiko Udalak ingurumenaren zaintzarekin eta berreskuratzearekin zein kutsadura gutxitzearekin duen konpromisoa aintzat hartuta erabaki du urteroko landaketari eustea". Azken urteetako zuhaitz landaketa ere ekarri du gogora hark, goiz "polita" pasatu izan dutelako eta herritar ugari animatu izan ohi delako egitasmora. Dena den, aurten horretarako baldintzarik ez dagoela gogorarazi du: "Ohitura polita da zuhaitzak haurrekin landatzea, eta datorren urtean osasun baldintzek laguntzen badute, herritarrekin batera egingo dugu berriro ere".