Sestaoko hilketa matxista salatu dute hainbat herritarrek

Julene Frantzesena 2021ko ots. 14a, 12:10
Gaur plazan egin duten elkarretaratzeko irudia.

56 urteko emakume bat hil zuten herenegun Sestaon (Bizkaia), eta Ertzaintza gertatutakoa ikertzen ari da. Dena den, hipotesi nagusia da senarrak hil zuela emakumea. Hori dela eta, hilketa matxista salatzeko elkarretaratzea egin dute hainbat lagunek gaur eguerdian plazan, Basanderiek asanblada feministak deituta. Matxismoak hiltzen gaitu! Autodefentsa feminista lelodun pankartaren atzean elkartu dira hainbat herritar, tartean Azpeitiko Udaleko ordezkari hainbat.

Eusko Jaurlaritzaren Segurtasun Sailak emandako azalpenen arabera, 57 urteko gizon baten gorpua aurkitu zuten herenegun goizaldean Bilboko itsasadarrean, eta familiari haren heriotzaren berri ematera joan zirenean aurkitu zuten emakumearen gorpua etxean, indarkeria zantzuekin. Zabalik dago oraindik ikerketa, baina lehen hipotesien arabera, Ertzaintzak uste du gizonak hil zuela emaztea, eta ondoren bere buruaz beste egin zuela.