Sestaoko hilketa matxista salatzeko elkarretaratzea deitu du Basanderiek talde feministak bihar eguerdirako

Maialen Etxaniz 2021ko ots. 13a, 10:34
Aintzane Pujanaren hilketa salatzeko elkarretaratzea, plazan. (Anartz Izagirre)

12:00etan egingo dute elkarretaratzea plazan, Indarkeria matxistak hiltzen gaitu. Autodefentsa feminista lelo hartuta. Azpeitiko Udalak bat egin du deialdiarekin.

56 urteko emakume bat hil dute Sestaon (Bizkaia), eta Ertzaintza heriotza ikertzen ari den arren, hipotesi nagusia da hilketa indarkeria matxistaren ondorio izan dela. Hori dela eta, azken hilketa matxista salatzeko elkarretaratzea deitu du Basanderiek talde feministak bihar eguerdirako. Azpeitiko plazan egingo dute elkarretaratzea 12:00etan hasita, Indarkeria matxistak hiltzen gaitu. Autodefentsa feminista lelopean.  

Azpeitiko Udalak ere bat egin du Basanderiekek biharko deitutako elkarretaratzearekin, indarkeria matxista gizarteko arazo "benetan larria" delako. Udalak eskubide urraketarik ez duela onartzen adierazi du, "ez Azpeitian, ez beste inon", eta urraketen aurrean "modu aktiboan" jokatzean herritarren ardura ere badela gogorarazi du. Horrez gain, erasoren bat gertatzen ari dela ohartuz gero, Udaltzaingora, Ertzaintzara edo larrialdi zerbitzuetara jotzeko deia egin die herritarrei, eta erakundeak adierazi du hezkidetza programen bidez zein beste egitasmo batzuen bidez indarkeriaren aurkako lanean jarraituko duela.

Aurten indarkeria matxistaren ondorioz hildako bigarren emakumea da Sestaokoa. Joan zen urtarrilean Aintzane Pujanaren hilketa salatzeko hainbat herritar atera zen kalera Basanderiekek egindako deialdiarekin bat eginez.