Hizkuntza aholkularia

Arritxu Zelaia: "Lurralde antolaketak hizkuntza normalizazioan duen eragina berebizikoa da"

Mailo Oiarzabal 2021ko ots. 15a, 09:00
Arritxu Zelaia.

Hizkuntza aholkularitzan lan egiten du Arritxu Zelaiak (Azpeitia, 1972), eta Eragin Linguistikoaren Ebaluazioa (ELE), euskararen arnagusneak babesteko tresna, bihurtu da bere jardunaren ardatz azken urteetan.

Zer da Eragin Linguistikoaren Ebaluazioa (ELE)?

Herri batean egiten den proiektu edo plangintza batek euskaran nola eragin dezakeen aurreikusteko eta, kalterik eginez gero, horiek murrizteko eta horiei aurrea hartzeko neurriak jartzeko tresna da ELE.

Zer kasutan eta zertarako aplikatzen da?

2019an Eusko Jaurlaritzak ateratako dekretuan jasotzen denez, edozein udalerritako hirigintza arloko plangintzei, turismo planei, merkataritza gune edo industrialdeetarako planei aplikatzen zaie ELE. Eta arnasguneetan –dekretuaren arabera, %80ko euskararen ezagutza duten udalerriak–, era guztietako proiektuei aplikatu behar zaie.

Orio izan zen HAPOn ELE txertatu zuen Gipuzkoako aurreneko udala. 2019tik, arnasgune diren herriek derrigorrez txertatu behar dute ELE hirigintza proiektuetan Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan. Antzematen al da aldaketa?

Igartzen da aldaketa pixkanaka. 2014an eman zituzten lehen pausoak Gipuzkoako Foru Aldundiak, Uemak eta Kontseiluak elkarlanean, eta zazpi urte eskas pasatu direla kontuan izanda, ibilbide azkarra egin du ELEk, eta lege izaera hartu duenetik garapen handia izan du.

Euskararen arnasgune diren hainbat herritan egin duzu lan. Nondik abiatzen da zure lana ELE gauzatzeko? Zein da metodologia?

Hasierako ELEetan metodologia garatu beharra zegoen, eta gaur egun metodologia nahiko zehatza da. Herri mailan egin daitezkeen proiektuetan, lehenengo irismen dokumentua egin behar dute. Irismen dokumentu horretan euskararen proiekzio indizea jasotzen da, eta horri esker aurreikus daiteke euskararekin zer gerta daitekeen proiektu hori gauzatuz gero. Euskararen ezagutza jaitsiko litzatekeela aurreikusten bada, azterlana egin behar da, eta ebaluazio batzordeak aztertuko du zer eragin izan dezakeen proiektuak harremanetan, ezagutzan, erabileran, hizkuntza paisaian... eta eragin horrek ekar dezakeen kaltea arintzeko neurri zuzentzaileak proposatuko ditu.

Hirigintzak hizkuntza ekosisteman izan dezakeen eragina zenbateraino da kezka arnasguneetan?

Uemak kezka handia du hirigintzak eta bestelako proiektuek arnasguneetan izan dezaketen eraginaren inguruan. Lurralde antolaketak hizkuntza normalizazioan duen eragina berebizikoa da; Gaindegiak 2015ean egindako azterketa sozioekonomikoaren emaitzek etxebizitza parkearen eta egoera soziolinguistikoaren arteko harreman zuzena zegoela ondorioztatu zuten.

Politikoak, teknikariak... jabetzen al dira ELEren garrantziaz?

Denetarik dago, batzuk bai eta beste batzuk ez hainbeste. Teknikarien artean euskara arloan ari direnak jabetzen dira batik bat, eta hirigintza arlokoak gutxiago. Horiek jabetzeko bidea egin behar da.

Hirigintza plangintzetan oreka eta harremanak erdigunean jarriko dituzten ereduen alde hitz egin berri duzue Lurraldea eta Hizkuntza jardunaldietan.

Bai, Nora Erdoziak eta biok hirigintza eta arkitektura arnasguneen mesederako nola erabili aztertu genuen, eta ezinbesteko bi aldagaiak horiexek izan ziren, oreka eta harremanak. Orekaz jardutean, lehendik dagoenaren eta egingo denaren artean izan beharreko orekaz ari gara. Adibidez, lehendik dagoen etxebizitza kopurua edo biztanleria bikoizten badira, nekez eutsiko dio orekari horrek; edo egiten diren etxebizitza guztiak herrikoek ordaindu ezin dituzten preziokoak badira, hor ere oreka hautsiko litzateke. Horiez gain, dimentsio, kokapen eta tipologia aldetik ere orekari eustea beharrezkoa da. Bestetik, harremanetarako espazioak sortzea garrantzitsua da hizkuntzaren transmisiorako: elkartzeko lekuak, oinezkoentzako herriak izateak harremanak erraztu ditzakete; aldiz, bi metroko hesia duten etxebizitzez osatutako kaleak egiten baditugu, edo elkartzeko lekurik gabekoak, horrek harremanak zaildu ditzake. Argi dago ez dela hori bakarrik, baina horrek lagundu dezake edo zaildu dezake, egiteko moduaren arabera.

Eredu horiek orain arteko ildo nagusiekin talka egiten dutela esan al daiteke?

Hainbat urtetan eraiki, eraiki eta eraiki egin izan da, besterik pentsatu gabe. Zorionez, hirigintza aldatu egin da, eta egiten den horrek izan dezakeen eragina, bai generoan, bai ingurumenean, bai hizkuntzan nahiz bestelako alderdietan, kontuan hartzen da orain.

"Euskararentzat ona dena, herriarentzat ere ona da", zenioten jardunaldi berean.

Bai, argi daukagu. Aipatu ditugun kontzeptuek, orekarenak eta harremanenak, herriari eta euskarari egiten diote mesede.

Zenbat ELEtan egin duzu lan orain arte?

Hamargarrenarekin ari naiz orain, Usurbilen (Gipuzkoa).

Zer ikasi duzu orain arteko bidean?

Orain egiten dugunak arnasguneen etorkizuna determinatzen duela, eta ura pasatutakoan presa egitea alferrik dela.