Euskaraz jardutea indargune

Gipuzkoako Hitza 2021ko ots. 14a, 13:19
Deusto Business Schooleko ikasle taldea –ezkerretik aurrena da Iturri–. (Gipuzkoako Hitza)

Deusto Business Schooleko ikasle talde batek aztertu du ea bideragarria den Codesyntax enpresa garatzen ari den proiektu digital bat, eta euskararen garrantzia azpimarratu dute. Ikasle horietako bi dira Ihintza Iturri azpeitiarra eta Julia Galarraga zarauztarra, eta horiekin hitz egin du Aitziber Arzallus kazetariak, Gipuzkoako Hitza-rako.

Euskarari lotutako egitasmo digitalen bideragarritasuna aztertzea da Deusto Business Schoolen eta Codesyntax enpresaren arteko lankidetza harremanaren helburua, eta azkeneko hilabeteotan horretan jardun du ikasle talde batek, gradu amaierako lanerako. Horien artean ziren Enpresen Administrazio eta Zuzendaritzako eta Zuzenbideko gradu bikoitza egiten ari diren Ihintza Iturri (Azpeitia, 1998) eta Julia Galarraga (Zarautz, 1998), beste hiru ikaskiderekin batera. Hain zuzen ere, Eibarko Codesyntax enpresa garatzen ari den Pantaila proiektuaren bideragarritasuna aztertu dute, eta azterlan horrek "ondorio interesgarriak" ateratzera eraman ditu; besteak beste, tokiko erakunde publikoek balio handia ematen dietela euskaraz garatutako baliabide digitalei, baita gertuko eta euskarazko zerbitzua eskaintzen duten teknologia enpresei ere.

Iturrik azaldu du nolatan bururatu zitzaien Codesyntax enpresarekin elkarlanean aritzea. "Gradu amaierako lana euskaraz edo gaztelaniaz egin erabaki behar genuen, eta, taldekide guztiok euskaldunak garenez, euskaraz eta enpresa batean praktikoki egitea hobetsi genuen". Ez ziren lehiatu beharrik izan gainerako ikaskideekin, lana euskaraz egitea erabaki zuten "bakarrenetakoak" izan zirelako, eta mahai gainean "aukera bakarra" jarri zietelako: Eibarko Codesyntax enpresarekin egitea. Enpresa ezagutzen zuten, han lan egiten duten pare bat irakasle izan dituztelako, eta ez zuten zalantzarik izan. "Oso aukera interesgarria iruditu zitzaigun, eta berehala eman genuen baiezkoa", esan du Galarragak.

Codesyntax 2000. urtean sortu zuten Interneten lan egin nahi zuten bost lagunek; eta gaur egun, hamabost lagun inguruk osatzen dute lantaldea; horietako gehienak bazkideak dira. Software librea, erabilgarritasuna, eleaniztasuna eta posizionamendua oinarri dituzten era guztietako proiektuak garatzen ditu Eibarko enpresak, eta azken urteotan euskarazko proiektu digital arrakastatsuak merkaturatu ditu; sakelako telefonoetarako Egunean Behin eta Mendiak aplikazioak, besteak beste. Horiez gain, ekarpen garrantzitsua egin die tokiko hedabideen plataforma digitalei, hark garatu baititu Uztarria-ren, Maxixatzen-en, Zarauzko Hitza-ren, Baleike-ren, Karkara-ren, Ataria-ren, Kronika-ren, Goiena-ren eta beste hainbat hedabideren webguneak.

Merkatuaren azterketa

"Informazio publikoa pantailetan erakusteko sistema automatiko bat izango litzateke Pantaila proiektua", azaldu du Iturrik. "Eta era guztietako erakundeek eta enpresek erabiltzeko modukoa litzateke”. Codesyntaxek zehaztu du jada eskaintzen duela zerbitzu hori, "bi edo hiru lekutan" jarriak dituela era horretako pantailak, Azpeitiko Udalean kasu, baina eurena, oraindik ere, "bidearen hastapenetan" dagoen zerbitzua dela azpimarratu du. "Eta, hain zuzen ere, gure lana izan da zerbitzu horrek etorkizunik ba ote duen ikertzea".

Jarraitu erreportajea irakurtzen, Gipuzkoako Hitza-ren webgunean.