Koronabirusa Azpeitian

Astebetean erdira jaitsi da Azpeitiko intzidentzia tasa

Aitziber Arzallus 2021ko ots. 12a, 13:29

Atzo bi positibo baieztatu zituzten herrian, 35 izan dira aste guztian, eta gaur-gaurkoz 630,75 da hamalau eguneko 100.000 biztanleko positibo metatuen kopurua; joan den ostiralean 1.116,95 zen.

Aste honetan herriko egoerak nabarmen egin du hobera, eta hori baieztatzera datoz Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailak gaur eguerdian kaleratu dituen datuak. Atzo bi positibo baieztatu zituzten Azpeitian eta hamalau eguneko 100.000 biztanleko intzidentzia tasak beste koska bat egin du behera: 630,75eko da egun. Tasa oso altua da oraindik ere, baina datuak itxaropentsuak dira, intzidentzia tasak iragan astean hasitako beheranzko joerari eutsi egin baitio, eta astebetean erdira murriztu da; joan den ostiralean 1.116,95ekoa zen. Duela bi aste 110 positibo zenbatu zituzten herrian, joan den astean 60 izan ziren eta aste honetan 35 izan dira.   

Eskualdeko egoerak ere, oro har, hobera egin du azken egunotan. Azpeitiaz gain, Orio da eremu gorrian dagoen beste herria, baina hango joera ere Azpeitiko bera da. Atzo positibo bakarra atzeman zuten han, hamabi aste guztian, eta 619,70koa da intzidentzia tasa; 1.272koa zen joan den ostiralean.

Zumaia eta Zarautz, berriz, eremu laranjan daude; baina bi herrietako bilakaera ez da bera, Zumaian egoerak hobera egin duen bezala, Zarautzen okerrera egiten ari baita. Zumaian bi positibo zenbatu zituzten atzo, bederatzi aste guztian, eta 366,34koa da intzidentzia tasa. Zarautzen, berriz, zazpi positibo izan zituzten atzo, 43 aste guztian, eta 364,07koa da intzidentzia tasa.

5.000 biztanletik gorako herrien artean, Azkoitia da ondoen dagoena. Han hamahiru positibo atzeman dituzte aste guztian —atzo bat bera ere ez—, eta 208,63ko tasa dute; eremu horian dago beraz.

5.000 biztanletik beherako herrien artean, Zestoa da daturik eskasenak dituena. Atzo hiru positibo hauteman zituzten han, eta 11 aste guztian. Getarian positibo bakarra zenbatu dute aste guztian —atzo bat bera ere ez—, eta Aian, Aizarnazabalen, Beizaman eta Errezilen ez dute positiborik atzeman aste guztian.

Eskualde guztiko datuak batuta, atzo hamabost positibo baieztatu zituen Osasun Sailak, eta 124 izan dira aste guztian. Joan den astean guztira 184 izan ziren guztira, eta duela bi aste 287.

Hegoaldeko positibotasun tasa %5etik jaitsi da

Atzo 15.915 PCR eta antigeno proba egin zituzten Hego Euskal Herrian, eta 740 positibo zenbatu zituzte guztira (herenegun 781). 13.575 test diagnostiko egin ziren Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan, eta, 643 positibo baieztatu zituzten PCR eta antigeno probetan. 93 positibo berri Araban atzeman zituzten, 400 Bizkaian, 139 Gipuzkoan eta 11 hiru lurralde horietatik kanpo bizi diren pertsonetan. Positibotasun tasa %4,7koa da.

Nafarroan 2.340 proba egin zituzte, eta positibotasun tasa %4,1ekoa da, 97 positibo berri zenbatuta.

Ospitaleen egoerari dagokionez, COVID-19aren ondorioz 63 pertsona ospitaleratu zituzten atzo, eta COVID-19a duten 173 pertsona daude ZIU Zaintza Intentsiboko Unitateetan ingresatuta.