Koronabirusa Azpeitian

Mugakide diren udalerrien artean mugitzeko aukera baimendu du Labik

Nerea Uranga 2021ko ots. 12a, 13:06
Azpeitia eta Azkoitia arteko bidegorriko irudia.

Egun indarrean dagoen murrizketen dekretua mantendu egingo da, baina aldaketa batzuk gehitu dizkiote: mugakide diren udalerrien arteko mugikortasuna baimendu dute jarduera sozio-ekonomikoetarako eta aire libreko kirolak egiteko. Astelehenean sartuko dira indarrean neurri horiek.

Gaur, ostirala, goizean bildu da Labi aholku batzordea, Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan COVID-19aren pandemia kontrolatzeko neurriak hartzen dituen batzordea. Atzo Labiren batzorde teknikoak egindako txostenean oinarrituta, egun indarrean dauden neurrien inguruko erabakiak hartu dituzte gaur, eta gaurko bileraren ostean, horien berri eman du Iñigo Urkullu Eusko Jaurlaritzako lehendakariak.

Hain zuzen ere, aldaketak egingo dituzte gaur egun indarrean dagoen dekretuaren gainean, mugakide diren udalerrien artean mugikortasuna baimentzeko. Dena den, jarduera sozio-ekonomikoak egiteko eta aire zabalean kirola egiteko baimenduko dute mugakide diren udalerrien arteko mugikortasuna. Azpeitiarekin mugakide dira errepidez Azkoitia, Beasain, Errezil, Beizama eta Zestoa; aldiz, mendiz Debarekin, Zumarragarekin eta Ezkio-Itsasorekin ere egiten du muga.

Egun indarrean dagoen udalerrien arteko itxiera perimetrala mantendu egingo dute, baina, hala ere, aukera izango da udalerrien artean mugitzeko honako kasu hauetan: lehiaketa profesionalean edo erdi-profesionalean aritzen diren taldeen entrenamenduetarako eta lehiaketetarako. Gainera, eremu gorrian ez dauden udalerrien kasuan, haien arteko joan-etorriak baimenduta egongo dira federatutako kirolarien lehiaketetarako eta entrenamenduetarako, eskola kiroleko entrenamenduetarako zein gimnasioetako, kirol klubetako edotan kiroldegietako ikastaro edo jardueretan parte hartzeko.

Egungo dekretuaren gainean egindako aldaketa horiek indarrean datorren astelehenean (otsailak 15) sartuko dira indarrean, Urkulluk zehaztu duenez. Gainera, moldaketa horiek eginda, baina egungo dekretua beste hogei egunetan indarrean mantentzea aurreikusi dutela esan du Urkulluk. Labi aholku batzordea datorren martxoaren 5ean bilduko da berriro, "izurritearen bilakaerak lehenago biltzea eskatuko ez balu".

EAEko Auzitegi Nagusiak eremu gorrian dauden udalerrietan ostalaritza irekitzearen alde emandako ebazpenaren kontrako helegiterik ez dutela aurkeztuko ere azaldu du Urkulluk, Labi aholku batzordearen bilkuraren ondoren egindako agerraldian.