Koronabirusa Azpeitian

716,16ra jaitsi da intzidentzia metatuaren tasa Azpeitian

Onintza Lete 2021ko ots. 11a, 13:47

Atzoko txostenean, herenegun arteko datuekin, 814,72koa zen tasa hori. Atzo beste lau positibo zenbatu zituen Eusko Jaurlaritzaren Osasun Sailak herrian. Urola Kostan guztira hogei kasu berri atzeman zituzten atzo, eta 781, berriz, Hego Euskal Herriko lau lurraldeetan.

Atzo beste lau positibo zenbatu zituzten arren, ia ehun puntu egin du behera Azpeitian COVID-19aren intzidentzia metatuaren tasak: 814,72koa zen tasa hori herenegungo datuak kontatuta, eta atzoko datuak batu ondoren, berriz, 716,16n kokatu da.

Eusko Jaurlaritzaren Osasun Sailak emandako azken datuen arabera, 20 positibo berri baieztatu dituzte Urola Kostan atzo egindako PCR eta antigeno probetan. 10 kasuren berri eman zuten asteartean (asteleheneko datuez), baina ordutik gora egin du: 21 herenegun, eta 20 atzo. Eremu gorrian jarraitzen dute Azpeitiak eta Oriok, baina bietan jaisten ari da 100.000 biztanleko kasu metatuen tasa: Orion, 1.043,71tik 782,78ra jaitsi da egun bakarrean. Atzo bi positibo berri zenbatu zituzten herri horretan, bezperako kopuru bera. Eremu laranjara pasatzetik urrun daude bi herri horiek, ordea.

Zestoa da beste arreta guneetako bat eskualdean, gorantz doazelako kutsatu kopurua eta tasa: lau positibo berri zenbatu ziren atzo (zazpi azken hiru egunetan). 564,97koa da tasa orain, eta 487,93n zegoen atzo. Eremu gorrian sartu arren, 5.000 biztanletik beherako herria da, eta oraingoz neurri berezirik ez hartzea erabaki dute adituek.

Zarautzen beste bederatzi kasu berri zenbatu ziren atzo, baina tasa ez da askorik mugitu, eta 372,64koa da gaur-gaurkoz. Eremu laranjan jarraitzen du eskualdeko herri handienak. Zumaian ere eremu laranjan jarraitzen dute, atzo positibo bakarra zenbatuta, 345,99ko tasarekin. Bezperan lau kutsatu berri egon ziren, eta azken datu hori positiboa da, hortaz.

Eskualdeko beste sei herrietan ez zen positibo berririk egon atzo.  Aian 100.000 biztanleko metaturiko tasa 554,16ra jaitsi da, azken sei egunetan kasurik agertu ez denez. Aizarnazabalen ere, bare-bare dago azken egunetan kontua, eta tasa hutsean dago. Baita Errezilen eta Beizaman ere.

Atzoko datuei esker, Azkoitian 267,04ra jaitsi da tasa eta, horrenbestez, eremu horira igaro da udalerria. Getarian are baxuagoa da tasa, 106,01.

Beheranzko joera

Hego Euskal Herrian 781 kasu berri atzeman zituzten atzo. Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan 13.820 test diagnostiko egin zituzten, eta haietatik 684 positiboak izan ziren: 100 positibo atzeman zituzten Araban, 386 Bizkaian, 187 Gipuzkoan eta 11 lurralde horietatik kanpo bizi diren pertsonetan atzeman zituzten. Nafarroan 97 positibo zenbatu zituzten guztira, 2.869 proba eginda.

Bezperako datuak baino hobexeagoak dira atzokoak, herenegun 835 kasu zenbatu baitzituzten lau lurraldeetan.

COVID-19aren ondorioz 70 pertsona ospitaleratu zituzten atzo Osakidetzaren eskumeneko zentroetan, eta COVID-19a duten 167 pertsona daude ZIU Zaintza Intentsiboetako Unitateetan ingresatuta Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan. Nafarroan 159 lagun daude ospitaleratuta.