Enerdrink Udea Algeciras taldeari 76 eta 70 irabazita, lidertza sendotu du Juaristi ISBk

Andoni Elduaien 2021ko ots. 11a, 08:43
Ibon Guridi saskiaren bila. (Argazkiak: Mikel Amenabar)

Denboraldiko hamalaugarren garaipena eskuratu zuen atzo Juaristi ISBk Azpeitian, eta bigarren sailkatuari hiru partidako tartea ireki dio.

Juaristi ISBk 76 eta 70 irabazi zion atzo, asteazkena, Enerdrink Udea Algeciras taldeari Azpeitiko kiroldegian. Liga erregularreko lidertza sendotu zuen horrela Iñaki Jimenezen taldeak; izan ere, hamalaugarren garaipena eskuratuta, Grupo Alega Cantabria multzoko bigarren sailkatuari hiru partidako tartea ireki dio, nahiz eta bigarrenek partida bat gutxiago duten jokatuta. 

Algecirasen aurkako neurketa markagailuak erakusten duen moduko estua izan zen. Lehen bi laurdenetan bi taldeetako inork ez zuen partidan abantaila hartzea lortu. Lehen hamar minutuen ondoren, 15na ziren Juaristi ISB eta Algeciras Azpeitian, eta atsedenaldira 34na iritsi ziren. Guztia berdinduta, beraz.

Aldageletatik bueltan, ordea, Juaristi ISBk oreka hautsi zuen. Aurkariak baino hamabi puntu gehiago saskiratu zituzten hirugarren laurdenean, eta defentsa lanean oinarrituta, garaipena bideratzeko nahikoa errenta lortu zuten. Azken laurdena bisitariena izan zen, ordea, eta azken unera arte egin behar izan zuten lana Iñaki Jimenezen mutilek. Halere, taldeak hirugarren laurdenean lortutako errenta berdintzerik ez zuen lortu Algecirasek, eta garaipena etxekoentzat izan zen. 

Juaristi ISBko Kevin Buckingham eta Ondrej Hanzlik nabarmendu ziren estatistiken arloan. Buckinghamek 14 puntu saskiratu zituen 13 puntuko balorazioa egiteko. Hanzlik, berriz, neurketako saskiratzaile onena izan zen Algecirasen aurka, hamar puntuko balorazioa egiteko. Beñat Heviak eta Pavel Savkovek ere 11na puntu saskiratu zituzten. Hurrengo neurketa Gijonen (Asturias, Espainia) jokatuko du Juaristi ISBk, Circulo Gijon Baloncesto taldearen aurka. Larunbatean 20:00etan izango dute lehia.

Pavel Savkov airean, saskiratzea lortzeko bidean.