Erretratua

Izaskun Errazkin: "Begiratu ere egiten ez didatenean, ez dugula ezer balio sentitzen dut"

Nora Alberdi 2021ko ots. 24a, 09:05
Izaskun Errazkin. (Olatz Alkorta)

30 urte daramatza Izaskun Errazkinek autobus gidari lanetan; lehenengo Aldalur enpresan aritu zen, eta orain Lurraldebus autobusak gidatzen ditu. Dena den, etorkizunean ez du bere burua autobus gidari lanetan ikusten. Eskulangintza du afizio, eta gustatuko litzaioke horrekin lotura gehiago duen lanbideren bat izatea. Erretratua atalerako hitz egin du Errazkinek, 2021eko otsaileko Uztarria aldizkarian.

Autobusa da Izaskun Errazkinen (Azpeitia, 1968) lantokia; beraz, errepidean igarotzen du lan orduen zatirik handiena. 23 urterekin hasi zen autobusak gidatzen. Aurretik, oinarrizko ikasketak amaitu baino lehen, Azkoitiko Eroski zabaldu zutela eta, han hasi zen lanean. Geroxeago, aitaren eta anaiaren ibilbide bera jarraituz, autobuseko gidabaimena ateratzea erabaki zuen. Atera eta gutxira, izebak esan zion Aldalur enpresan bazutela berarentzat tokitxo bat, eta han ekin zion autobus gidari izateari.

Aldalur enpresan lanean aritu zenean, Euskal Herritik kanpo hara eta hona ibiltzea egokitu zitzaion Errazkini: "Parisera egin nuen lehen bidaia. Oroitzapen oso onak ditut, esperientzia aberasgarria izan zen hura. Ordutik, Europan zehar asko bidaiatzeko aukera izan dut; Errusiara joan nintzenekoa da sekula egin dudan bidaiarik luzeena".

Hainbeste urtetako esperientzia poltsikoan, azpeitiarrak badu anekdotaren bat edo beste ere kontatzeko. Errusiara egindako bidaia hartan, esaterako, poliziek gelditu egin zuten abiadura muga gainditu zuelako. "Bi erreiko errepidea zen, herri arteko autobide moduko bat, eta trafikorik ez zegoen. Nahiko azkar nindoan, eta gelditu egin ninduen poliziak. Anaia nirekin zetorren, eta atzean bidaiariak zihoazen: Bartzelonako jubilatu talde bat zen, 22 lagunekoa, eta literetan egin zuten bidaia osoa. Hasieran, kartzelara joan beharko nuela esan zidan poliziak, baina guk ezetz erantzun genion, ez nintzela joango. Azkenean, 7.000 errubloko isuna jarri ziguten; 700 pezeta lirateke hemen. Anaiak zioen ez zuela hainbeste diru ordainduko nigatik, baina, azkenean, ordaindu zuen".

Lanbide bakartia

Errazkinek dioenez, lanbide bakartia da autobus gidariena, baina bazter guztietan aurkitzen du bere modura dabilen norbait: "Normalean, bakarrik ibiltzen gara guztiok, eta batzuei hori gustatu egiten zaie, beren erara ibiltzea". Dena den, Aldalurren lan egiten zuen garaietan, autobusean joaten ziren bezeroekin hartu-eman handia zuen azpeitiarrak: "Baziren urte luzez harremana izan nuen bezero batzuk; izan ere, urtero egiten nuen bidaiaren bat edo beste haiekin".

Lurraldebusen lanean hasi denetik, ordea, bezeroekin harremana izateko modua asko aldatu dela dio: "Mendira doazenean, mendizaleak gustura egon ohi dira, hara doazelako. Hala ere, orain autobusean eramaten ditudanak lanera, ikastera, azterketetara edo medikuarenera joan ohi dira. Ez da giro bera egoten, baina gustura nago".

(Nora Alberdi)

Iazko abenduan, sari bat eman zieten Lurraldebuseko emakume gidari guztiei; Guztiok Mugituz saria, hain zuzen ere. Errazkini oso ongi iruditzen zaio egiten duten lana aitortzea, baina haren ustez, saria emateak, berdindu beharrean, bereizi egiten ditu emakumeak eta gizonak: "Arraindegian lanean jardun den emakume bati zergatik ez diote saririk ematen? Sari hori ematen digute, agian, gizonezkoen munduan lanean ari garelako? Izan ere, orain arte ez da hainbeste emakume aritu autobusak gidatzen, baina orain, ugaritu egin gara lanbide honetan. Emakume askok egin dituzte 30 urte lanbide berean, baina nik gizonezkoen artean egin izan dut lan, orain ar te gizonezkoen eremua izan den lanbide batean".

Autobusean lan egiteak jendearen jarrerari erreparatzeko aukera ere eman dio Errazkini. Haren arabera, autobusera sartu orduko gidariari "egun on" esateko ohitura handia dago inguruotan, baina tradizio hori galtzen ari den sentsazioa du. Era berean, ordea, gidariaren esku ere badago bidaiariak agurtzea. "'Egun on' esan edo ez gidari bakoitzak erabakitzen du. Norbaitek pentsa dezake banan-banan guztiei 'egun on' esatea nekagarria izan daitekeela, baina niri ez zait batere kostatzen. Aurpegira begiratu ere egiten ez didatenean, ez dugula ezer balio sentitzen dut".

COVID-19aren eragina lanbidean

COVID-19aren izurriteak izan du eraginik autobus gidarien lanean ere. Konfinamendu garaian, lanean jarraitu zuten Lurraldebuseko gidariek, baina ia ez zen jenderik ibiltzen autobusetan. Sasoi hartan, Donostiara bueltaka ibiltzea egokitu zitzaion Errazkini, eta egoera "apur bat tristea" zela dio: "Pelikula bat bizitzen ariko bagina bezala zen, kalean ez zen inor ikusten. Gertukoren bat zaintzera zihoanen bat edo beste igotzen zen autobusera, baina askotan, neuk bakarrik egiten nuen bidaia".

Ezohiko egoerak bestelako arazoak ere eragin dizkio Errazkini; izan ere, maskara janztean betaurrekoak lurruntzen zaizkio. Hasieran, halamoduz moldatu behar izan zuen; orain, ordea, manpara bat jarri diote eta ez du maskararik erabiltzen. Hark uste du izurritea saihesteko hartu diren erabakietan kontraesan handiak daudela: "Jendea asko kexatzen da ezin duelako sei lagun baino gehiagorekin elkartu, eta bien bitartean, autobusean hirurogei lagun elkartzen gara. Zenbait ordutan autobusa beteta joaten da; maskara jantzita eramaten dute bidaiariek, baina distantzia gordetzea ezinezkoa da. Ez dauka inolako zentzurik".

Lanbide honetan ibilbide luzea eginagatik, Errazkin ez dago ziur 60 urte ingurura arte zeregin horretan aguantatuko duen edo ez. Izan ere, lana oso errepikakorra eta neketsua egiten zaio: "Oso lan monotonoa da, eta ni monotoniak asko aspertzen nau. Lineaz, behintzat, aldatu egiten gara: batzuetan Donostiara, beste batzuetan Ermuara [Bizkaia]... joaten gara, apur bat aldatzeko. Hala ere, egunero-egunero gauza bera egiteak nekatu egin nau. Lagun batek esaten dit aguantatu beharko dudala, baina ez dakit ba".

(Nora Alberdi)

Autobus gidaria ez balitz, azpeitiarrak ez du argi zer lanbide izango lukeen; argi duena da eskulanak egitea oso gustuko duela: "Gaztetatik asko gustatu izan zait artisautza. Ikastaroren bat edo beste ere egin dut; tartean, makrame teknika ikasteko aukera izan dut. 15 ur te nituela-edo hasi nintzen teknika hori lantzen". Makramea korapiloak eginez askotariko objektuak sortzeko artea da: poltsak, ontziak, dekoratzeko elementuak... Eskulan horiek egiten trebea da azpeitiarra; izan ere, aitortza bat jaso zuen iaz. Kotoi mertzeriaren jabea da Errazkinen ahizpa, eta Bertan merkatarien elkarteak antolatutako Gabonetako erakusleiho lehiaketan bigarren saria eskuratu zuen saltoki horrek, Errazkinek makrame teknika erabilita egindako Gabonetako zuhaitzari esker.

Bere garaian, Azoka Plaza berritu zutenean, han posturen bat jartzeko asmoa izan zuten: "Garai batean, gure baserriak bazuen postu bat Azoka Plazan, baina azken urteetan erabiltzen ez genuenez, beste lagun bati utzi genion. Azoka Plaza berritu zutenean, gure postuan makrame teknika erabilita egindako objektuak, geuk egindako kremak edo nire ahizpak egindako joskintza lanak saltzen jartzea pentsatu genuen. Baina ezetz esan ziguten".