Hementxe bertan

Lassana Diop: "Europako errealitatea imajinatutakoa baino askoz gogorragoa da"

Maialen Etxaniz 2021ko ots. 28a, 08:36

Sorterria utzi eta bizitza hobearen bila etorri zen Lassana Diop (Senegal, 1981) Azpeitira. Hamarkada bat pasatxo darama herrian, eta badu munduan zein gizartean gertatzen diren auziekiko interesa. 2010ean lortu zuen bere egoera legeztatzea, eta orduz geroztik, samurragoa da harentzat bizitza. Orain, emaztearekin eta bi haurrekin bizi da Azpeitian, "ezin gusturago". Bera da Hementxe bertan ataleko elkarrizketaren protagonista, 2021eko otsaileko Uztarria aldizkarian.

Zerk bultzatuta etorri zinen Azpeitira?

Senegalen bizimodu duina lortzea zaila zela ikusita, bizitza hobearen bila etorri ginen Europara. Aspaldi hasi ginen horretarako pausoak ematen, baina prozesua zaila izan zen; izan ere, guk apenas geneukan dirurik eta baliabiderik. Saiakera askoren ostean, Espainiara iritsi nintzen 2000ko hamarkadan. Leku ugaritatik igaro nintzen: Las Palmastik, Malagatik, Bartzelonatik, Zaragozatik... Azpeitira 2007an iritsi nintzen aurrenekoz, baina 2010ean gelditu nintzen bertan behin betiko.

Nola oroitzen dituzu hastapenak? Zaila izan al zen harreman berriak egitea?

Azpeitira iritsi nintzen lehen aldian ez nuen inor ezagutzerik izan, baina bigarren etorreran zorte handia izan nuen. Plazako etxe batean bizi nintzen, eta behean Lokotx taberna zegoen. Hango lagunek asko lagundu zidaten, eta haiei esker jende ugari ezagutu nuen. Asko eskertzen diet eman zidaten babesa. Dena den, aitortzen dut hasieran zaila izan zela bizileku berrira egokitzea, Euskal Herrian jendea oso itxia baita.

Zer harreman izan duzu euskararekin Azpeitian daramatzazun urteetan?

2016an lanik gabe gelditu nintzen, eta euskaltegian euskara ikasten hasteko aprobetxatu nuen denbora. Bi hilabeteren buruan lana aurkitu nuen, ordea, eta ordutegia tarteko, ezin izan nuen euskara ikasten jarraitu. Hala ere, ikaragarri gustatzen zait. Sei hizkuntza dakizkit, eta ahal izanez gero, oso gustura ikasiko nuke euskara.

Zer da Azpeititik gehien atsegin duzuna? Eta gutxien?

Gehien atsegin dudana da jendeak hitza emandakoan bete egiten duela, gehienetan behintzat. Jendea zuzena da. Leku guztietan bezala, denetarik egongo da Azpeitian ere, baina tira... Kultura ere ikaragarri gustatzen zait: euskal dantzak oso gogoko ditut, baita txalaparta ere. Lagun baten baserrian sarritan jo izan dut txalaparta. Gutxien atsegin dudana, berriz, jendearen hoztasuna da. Azpeitiko jendea oso ona da, baina itxia ere bai, eta horrek asko zailtzen ditu harremanak.

Europara bizitza berri baten bila abiatu eta Euskal Herrira iritsi zineten. Nola ikusten duzu panorama?

Afrikan geundela irudikatutakoa eta errealitatean gertatzen dena ez dira gauza bera. Europara iritsi osteko errealitatea imajinatutakoa baino askoz ere gogorragoa da. Hasieran, paperak lortu arte, dena da konplexua: bizitzea, lana aurkitzea, poliziarekin nahiz herritarrekin harremana izatea... Oraindik jendeak ez du ulertzen bizitza hobearen bila etorritako pertsona batzuk besterik ez garela.

Munduan zehar gertatzen diren kontuez informatzea atsegin duzu, baita gai sozialetan arakatzea ere. Arrazakeriak eta injustiziek bereziki kezkatzen zaituzte, ezta?

Atsegin ditut gizarte gaiak, eta irakurtzea ere gustatzen zait. Gaur egungo egoeraz luze eta zabal mintza naiteke. Egun arrazakeria egon badagoela uste dut, eta, gainera, pentsatzen dut ez dela sekula desagertuko. Jende askok ez ditu begiak ireki oraindik, eta horrek kezkatu egiten nau. Zenbait alderdi politikok duten jarrera ikusi besterik ez dago: berdintasuna ahoan darabilten hitz soila baino ez da. Horregatik, eskertzekoa da zenbait hedabidetan egiten duzuen lana migranteak herritarrengana hurbiltzeko. Hala ere, azpimarratu nahi nuke kanpotik datorrenak beti egin behar duela saiakera herritarrekin harremana egiteko, nahiz eta ikaragarri eskertzen diren bertakoen keinu txikiak.