Aurtengo Azkoitia-Azpeitia nazioarteko maratoi erdia birtuala izango da

Andoni Elduaien 2021ko ots. 10a, 09:00

Errepide gaineko proba 2022. urtera atzeratu dute, baina hil berri den Alejandro Gomez atleta omenduko du probak birtualki. Lasterketaren hasiera data zehaztu ez badute ere, apirilaren 11n amaituko dela jakinarazi dute.

XXVIII. Azkoitia-Azpeitia nazioarteko maratoi erdia birtuala izango da. Egungo osasun egoeragatik, ezin izango dute egin errepide gaineko lasterketa, eta Azkoitia-Azpeitia probaren antolatzaileek beste lasterketa handi batzuek hartutako bide bera hartu: birtualki egitea erabaki dute.

Horiek jakinarazi dutenez, zendu berri den Alejandro Gomez omenduko dute aurten, 28. edizioa izango duen proban. "Atleta handi hark zituen balioak ekarri nahi izan ditugu gogora momentu zail hauetan. Egoera gogorretan aurrera egiteko gaitasuna, zailtasunei aurre egiteko adorea, lagunen lagun izatea... Ezin dugu etsi, nahiz eta egoera ez den guztiok nahiko genukeena", azaldu dute antolatzaileek.

Horien arabera, "datozen egunetan" emango diote forma lasterketa birtualari; izan ere, proba egiteko epe tarte bat jakin bat zehaztuko dute. Oraingoz, proba birtualaren amaiera eguna zein izango den soilik jakinarazi dute: apirilak 11, Alejandro Gomezen urtebetetze eguna, hain zuzen ere. Proba birtualean izena emateko datak eta lasterketaren xehetasunak datozen egunetan Rock the Sports atarian jakinaraziko dituzte.

Martxoaren 20rako iragarri zuten aurtengo nazioarteko maratoi erdia, baina bigarren urtez jarraian, lasterketa ez da egingo; 2022. urtera atzeratuko dute. Horrenbestez, 2020. urteko probarako izena eman eta 2021. urtera pasatzea erabaki zutenek, lau aukera izango dituzte. Batetik, aurtengo lasterketa birtualean izena emateko baliatzeko aukera eskainiko du antolakuntzak. Bestetik, parte-hartzaileek datorren urteko ediziorako gorde ahalko dute dortsala. Halere, joan zen urteko Runner Bihotza kamiseta eta probako poltsa jasotzeko aukera izango da. Izen-ematearen zenbatekoa itzultzeko aukera ere eskainiko du Azkoitia-Azpeitia probak. Iazko izen-ematea aurtengora pasatu zutenek e-posta bidez mezu bat jasoko dute, lau aukera horietako bat onar dezaten. 

Leloa eta irudia

Antolatzaileek protagonismo berezia eman nahi izan diote aurtengo ediziorako hautatu duten Aupa! leloari eta lasterketaren irudiari. Aupa! leloaren hasierako eta amaierako a hizkiek Azkoitia eta Azpeitia herriak irudikatzen dituzte, eta erdiko up hitzak gora esan nahi du ingelesez. Aupa hitzaren hizkiak bi korrikalariren artean tartekatu dituzte probako irudian, "norberaren burua gainditzeko deia hitzez eta ikusmenez" nabarmenduz.

Maratoi erdi "parekidea" defendatzen dutela ere islatu nahi izan dute. Izan ere, Azkoitia-Azpeitia probako antolakuntzak beti azpimarratu izan du Azkoitia-Azpeitia proba eliteko korrikalarien eta korrikalari herrikoen arteko "batasuna" dela. Hori horrela izanik, aurtengo irudian emakumeek eliteko korrikalariak eta gizonek korrikalari herrikoiak ordezkatzen dituztela azpimarratu dute.