Mikel Azkue: "Azken asteetan ia ez da koronabirus kasurik egon Australia osoan"

Mikel Azkue.

Ia bi urte daramatza Mikel Azkuek (Azpeitia, 1991) Australian bizitzen, eta une honetan luxuzko hotel batean koktelak egiten ari da lanean. Munduko gainontzeko herrialde ia guztietan ez bezala, ia ez dago COVID-19aren arrastorik Australian; guztira, 30.000 kasu baino gutxiago atzeman eta 1.000 pertsona baino gutxiago hil dira herrialdean. Hori dela eta, "bizitza normala" egiten ari direla azaldu du Azkuek. 

Noiz iritsi zinen Australiara, eta zergatik?

Maiatzean bi urte beteko dira Australiara etorri nintzenetik. Euskal Herrian zortzi urte neramatzan aeronautika enpresa batean lanean, eta bestelako esperientzia bat bizitzeko gogoa sartu zitzaidan. Horrez gain, ingelesa ere ikasi nahi nuen. 27 urte nituen etorri nintzenean eta iruditzen zitzaidan huraxe zela halako zerbait egiteko unea, eta ausartu egin nintzen. Ikasleen bisarekin etorri nintzen Australiara, eta ingeleseko titulua atera ostean work and holiday deitzen den bisa eskuratu nuen. Behin hori lortuta, astean 40 ordu egin ditzakezu lan urtebetez. Lana topatzeko modurik errazena ostalaritza da, eta koktelak egiten hasi nintzen taberna batean. Hasieran ez neukan ideiarik ere, baina pixkanaka-pixkanaka ikasten eta ikastaroak egiten joan nintzen.

Zer egin zenuen bisa hori agortu zitzaizunean?

Hemen denbora gehiagoz egon ahal izateko baserri batean egin behar izan nuen lan. Izan ere, hemen lan asko dago baserrietan, inork ez baitu halako lanik egin nahi izaten, eta aukera hori aprobetxatu nuen bisa luzatu ahal izateko. Bakar-bakarrik egon nintzen baserrian lanean ia lau hilabetez, zaldiak zaintzen eta entrenatzen, eta horren aurretik Sydneyko hipodromoan ere jardun nintzen lanean. Baserriko lan horiek amaituta, bisa luzatu zidaten, eta orain azarora arte gera naiteke Australian. Hori orain dela bospasei hilabete izan zen, gero New South Wales estatuko Byron Bay herrira etorri bainintzen bizitzera, eta orain luxuzko hotel batean ari naiz lanean, koktelak egiten.

Nolakoak dira Byron Bayko herritarrak?

Nahiko herri hippya da eta jende gazte mordoa bizi da. Oporretako herri baten modukoa da, eta bidaiari asko etortzen dira hona surf egitera. Neuk ere hemen surf egiteko eta hondartzara joateko aprobetxatzen dut; lehendik lagunak nituen hemen bizitzen, eta hona egokitzea oso erraza da, egia esan.

Australiarren ingelesa itxia dela esan ohi da.

Bai, halaxe da. Asko kostatu zitzaidan hizkuntza ulertzea eta oraindik ere batzuetan kostatu egiten zait. Batxilergoko ingelesarekin etorri nintzen ni hona, eta iritsi bezain laster konturatu nintzen uste nuena baino gutxiago nekiela. Dena den, ingelesa ikasten sei hilabete pasatu ostean eta lan egin ostean, ohitu naiz; izan ere, hemen ingelesa jakin gabe ezin da lanik egin.

Munduan COVID-19ak eragin gutxienetarikoa izan duen herrialdea da Australia. Zein da une honetako egoera?

Azken asteetan ia ez da koronabirus kasurik egon herrialde osoan. Sydneyn orain dela gutxi kasu batzuk izan ziren, baina Australiako Gobernuak neurri oso gogorrak ezarri zituen kutsatzeak saihesteko. Hemen jendea normaltasun osoz dabil kalean, ez dugu maskararik eraman beharrik, eta ez dugu etxeratze agindurik ere. Hori bai, tabernak eta jatetxeak zabalik egon arren juergarik-eta ezin da egin, nik uste munduarekiko errespetuagatik, baina gainontzean bizitza normala daramagu. Joan zen urtean tabernak eta jatetxeak itxi zituzten une batean, eta jende asko bere herrialdera itzuli zen; hori dela eta, gaur egun ostalaritzan inoiz baino lan gehiago dago nire inguruan.

Zein izan da zure ustez egoera hori lortzeko gakoa?

Uste dut Australian birusaren hedapena galaraztea izan dela gakoa. Europan egoera okertu zenean, Australiako Gobernua neurriak hartzen hasi zen, eta hedapena erro-errotik mozten ahalegindu ziren. Herritarrek ere oso zorrotz bete zituzten ezarritako neurriak. Neurrietako bat herrialdea ixtea izan da. Australiarra bazara edo bertako pasaportea baduzu herrialdera itzul zaitezke, baina bestela ez. Gainera, beste herrialdeetakoek ezin dute hona sartu; beraz, Australia isolatuta dago eta hori koronabirusaren aurkako neurri eraginkorra izan da.

Nola ikusten duzu handik Euskal Herriko eta Azpeitiko egoera?

Harritu egiten nau Euskal Herriko egoerak, nik ez baitut halakorik bizi izan. Ez dakit zer diren etxeratze agindua izatea edo maskara eraman behar izatea. Australian ez digute askatasunik murriztu. Horko berri sare sozialetan izaten dut eta familiakoek edo lagunek ere kontatzen dizkidate gauzak, baina ezin dut imajinatu zer izan daitekeen.

Zer du Australiak Euskal Herriak ez duenik?

Paisaiak eta klima. Hemen, joaten zaren lekura joaten zarela sekulako hondartzak eta izugarrizko paisaiak aurki ditzakezu. Bestalde, jendea oro har oso jatorra da, eta leku guztietako jendea ezagutzeko aukera ematen dizu, kultur aniztasuna dago. Bestalde, bizitza nahiko garestia den arren, soldatak ere onak dira.

Eta hemendik zer botatzen duzu faltan?

Gehienbat, janaria. Horrez gain, Australian oso goiz ixten dituzte tabernak eta jatetxeak, 01:00etarako dena itxita egon ohi da, eta diskotekak ere 03:00ak arte-edo egon ohi dira. Eguna oso goiz hasten da hemen, eta oso goiz amaitzen da. Hori ere faltan botatzen dut.

Hona bueltatzeko intentziorik ba al duzu?

Hemen gustatzen zaidan lan batean ari naiz orain, eta etxetik bi minutura daukat hondartza. Momentuz bisa azarora arte daukat, eta Euskal Herrian gauzak nola dauden ikusta, hemen geldituko naiz oraingoz, guztia baretzen den arte.

Uztarriak hainbat berrikuntza egin ditu bai webgunean, bai aldizkarian, eta zuen sostengu ekonomikoa behar du aurrera egiteko. Euskaraz, kazetaritza egiten segituko dugu, zuzentasunez eta zehaztasunez, eta zuek bide horretan lagun izatea nahi dugu. Elkarren beharra dugu!


Izan zaitez Uztarriako bazkide