Koronabirusa Azpeitian

"Luzatzen ari da egoera hau, eta argirik ez dugu ikusten"

Mailo Oiarzabal 2021ko ots. 10a, 10:02
Edurne Odriozola eta Libe Aranburu. (Mailo Oiarzabal)

Iazko udaberriko konfinamenduan, koronabirusaren iritsierarekin, martxo erditik maiatz erdira arte, bi hilabetez itxita egon ziren denda txiki gehienak. Harrezkero, merkataritza txikia lanean ari da, ateak irekita, baina normaltasunetik urruti, gainerako sektore gehienak bezala. Libe Aranburuk  (Azpeitia, 1982) arropa denda bat dauka, eta Edurne Odriozolak (Azpeitia, 1974) zapata denda. Bertan elkarteko bi kideek ia urtebete dirauen egoeraz eta herriko merkataritzan izaten ari den eraginaz hitz egin dute Uztarriarekin.

Iazko udaberrian itxialdia iritsi zenean, nola moldatu zineten?

Libe Aranburu: Lehendabiziko astea oso gaizki pasatu nuen. Denboraldiko arropa iritsita, arropa mordoa dendan, bat-batean gelditu egin behar... "eta orain, zer?". Gero, neure buruari esaten hasi nintzen ezinbesteko egoera bat zela, ez zegoela nire esku eta ezin nuela ezer egin, eta lortu nuen pixka bat lasaitzea. Ez ohiko egoera bat zela eta horri buelta emateko nolabaiteko irtenbideak jarriko zizkigutela ere esaten nion neure buruari. Luzerako izango zela ikusten joan ahala, beste arazo bat zen hurrengo denboraldirako arropak ere -orain bukatzen ari den negukoak- eskatuta zeudela. Ahal nituen eskariak ezeztatzen joan nintzen, zetorrenari aurrea hartzen saiatuta. Azken pare bat asteak ere nahiko gogorrak egin zitzaizkidan.

Edurne Odriozola: Ezustean harrapatu gintuen. Hasieran hamabost egunerako izango zela esan zuten, eta beno. Biltokia beteta neukan, denboraldiaren hasiera zen, eta orain bukatzear den denboraldi honetarako bilduma berri osoa erosita ere bai; inbertsio handia eginda, beraz. Baina lehen hamabost egun pasatu ziren, beste hamabost etorriko zirela esan zuten; eta orduan bai, larritzen hasi ginen. Hilabete pasatu zenean, biltokian neukan generoa hartu, eta sare sozialetara argazkiak-eta igotzen hasi nintzen. Ezin nuen ezer saldu, baina behintzat bezeroen iritziak jasotzen nituen, ikusten nuen dendan neukan genero hori gustatzen ari zitzaiela, eta horrek indar pixka bat ematen dizu. Bezeroek mezuak ere bidaltzen zizkidaten, animoak emanez eta dena pasatutakoan dendara joango zirela esanez, eta horrek egundoko indarra eman zidan, egia esan. Eta, bai, konfinamendua bukatu eta denda ireki nuenean, ikusi nuen bezeroek agindutako hura bete egin zutela, erantzun zuten.

L.A.: Nik, aldiz, itxialdian ez nuen indarrik izan ezta dendara joateko ere. Ikusten nituen Edurnek sare sozialetan jartzen zituenak, eta primeran iruditzen zitzaidan, baina neuri horrelakoak egitea ez zitzaidan barrutik ateratzen, ez nintzen gai. Esaten zidaten niri ere egiteko, sare sozialak erabiltzeko, baina ezin nuen. Dendara itzuli nintzen ireki aurreko egunean, txukuntzera.

Nolakoa izan zen maiatzeko itzulera? Hainbat segurtasun neurri bete behar zenituzten, besteak beste.

E.O.: Konfinatuta geundela joan nintzen ahal nuen neurrian gauzak aurreratzen eta beharko nituenak prestatzen. Hain gaizki pasatu nuen bi hilabete horietan, nahiago nuen edozein neurri hartzea, baita bezeroak dendan banan-banan sartzea ere, berriz ixtea baino. Hori oso argi neukan.

L.A.: Arroparen desinfekzioa nola egin zen kezka nagusia nire kasuan. Hasieran, pertsona batek probatutako arropa 48 orduz gordeta eduki behar zela esaten zuten. Kate handietako saltokiek egin ahalko zuten hori agian, baina denda txiki bateko saltzaileentzat ez zen egingarria. Beraz, jantziak desinfektatzeko aukerak izan ziren hasieran buruhauste handiena, eta azkenean lurrun plantxaren alde egin nuen.

Nolakoa izan zen jendearen erantzuna?

E.O.: Bezeroek erantzun zuten. Gainera, udalak laguntza bat atera zuen [Azpeitia Zaindu kanpaina] eta hori oso ondo etorri zen, bai dendariontzako, bai bezeroentzako. Egundoko erantzuna izan zuen kanpainak eta laguntza handia izan zen guretzat, une hartan animoak nola zeuden kontuan hartuta, gainera. Alde horretatik, eskerrak emateko gaude.

L.A.: Bai, hala da. Ziurgabetasuna handia zen, baina betiko bezeroek ondo erantzun zuten, nahi zutelako eta laguntzeko zeudelako. Bezeroen babesa igarri nuen, bai erosketetan, bai jasotzen nituen mezuetan. Eta udalaren laguntza hura ere handia izan zen, jendea mugiarazteko eta laguntzeko.

Maiatzean dendak ireki bai, baina udaberri-uda sasoian ohikoak izaten diren ospakizunik ez (jaunartzeak, ezkontzak...). Horren eragina antzeman al zenuten?

L.A.: Asko. Neuk, pertsonalki, ez dut ospakizunetarako edo festarako arropa gehiegi ekartzen, baina beti ekartzen duzu pixka bat jantziagoa-edo den bildumatxoren bat, horrelako ospakizunetan pentsatuta, hain zuzen. Jaunartzeak atzeratu egin zituzten, eta egia da gero, uda bukaeran egin zirenean, jantzi batzuk saldu nituela, baina ez era eta neurri berean. Noski antzeman genuela ospakizunen falta.

E.O.: Denboraldiko generoa ia urtebete aurretik erosten denez, jaunartzeekin eta ezkontzekin pentsatuta erositakoak ere hor neuzkan, eta genero hori guztia hor gelditu da. Jaunartzeak irailera atzeratu zituzten, ezkontzarik ez da egon. Eta iraileko salmenta ez zen gauza bera izan.

Maiatzean berriro ireki zenetik, merkataritzak ez du beste itxialdirik izan, baina oro har gorabehera asko izan ditu egoerak azken urtean: mugikortasunaren murrizketak, ostalaritzaren itxierak... Horiek nola eragin dizuete?

L.A.: Udako sasoian, horrenbestean. Mugitzeko aukera handiagoa izan zen. Baina irailarekin, eskolak martxan jarri zirenean, neurriak zorrozten, beldurrak, tabernak ixten... Azkenean, bizitza soziala galdu genuen. Eta nire kasuan behintzat, arropa denda batean, bizitza sozialik ez badago, ilusio hori, aitzakia horiek, ez daude. "Afari bat daukat eta blusa berri bat erosiko dut", adibidez; ba hori ez dago orain. Saltzen dudan arropa bizitza sozialarekin lotuta dago neurri handi batean, eta bizitza soziala gutxitzen joan den heinean... Eskerrak, hala ere, jendaurrean lan egin eta arropa aldatzea behar duen jendea badagoen. Eta hau gero eta gehiagora doa, eta luzatzen... Ohiturak aldatzen ari gara, etxean erraz ari gara gelditzen, eta arriskutsua iruditzen zait hori.

Bezeroek hori transmititzen al dizuete? Egoera honetan kalera gutxiago irteten direla?

L.A.: Bai, eta aldarteak ere ez du laguntzen. Nik neuk, neure dendako azken bildumako pare bat gauza baino ez ditut hartu. Gogorik ez. Beraz, ulertuko ez dut ba jendeak erosteko gogorik ez izatea. Zertarako, ezta? Gainera, hilabeteak pilatzen ari zaizkigu eta gero eta baxuago gaude denok. Egoera honek guztioi eragiten digu.

E.O.: Kasu bera da nirea ere. Ostalaritza itxita egoteak zuzenean eragiten digu guri ere. Kalean jende gutxiago dabil, eta jendeak ez dauka irteteko, asteburuan tabernara edota soziedadera joateko prantatzeko aitzakiarik. Gabonak ere oso tristeak izan dira, herria oso-oso triste egon da.

L.A.: Ostalaritza itxita, eta herria irekita.

E.O.: Nik ez dut ezagutu horrelako Gabonik.

Gabonetako kanpaina da zuentzat garrantzitsuenetakoa. Egun horietan mugikortasun murrizketak arindu eta jendeak herritik irteteko aukera izan zuen.

E.O.: Beste sektore batzuentzat ona izan den bezala, guretzat, ez.

L.A.: Gainera, irekiera ordutegiak murriztu zizkiguten, egun seinalatuetan seiretarako itxi behar izaten genuen... Agian ez dira salmenta handienak egiten dituzun egunak, baina da oztopo bat gehiago.

E.O.: Eta tabernak irekita daudenean, jendearen joan-etorria antzematen da eta horietako batzuk dendetan ere egiten dituzte sartu-irtenak. Baina azken Gabonetan pasatu da tabernak itxita egon direla eta, gainera, jendeak herritik kanpo irteteko aukera izan duela. Orduan, Gabonetako kontsumoa ez da herrian egin, herritik kanpora egin da. Gainera, jendeak bazeukan herritik irteteko antsia hori, eta normala ere bada, eta ulertzen duzu. Baina pena bat izan da

Bertan merkatari elkarteko kide zarete. Egiten dituzuen bileretan eta, zer giro sumatzen duzue herriko merkatari txikien artean?

E.O.: Denetarik dago. Kirol dendek-eta oso ondo egin dute lan, adibidez; jendeak denbora gehiago eskaintzen dio orain kirolari. Eta mertzeriek ere esaten dute pijamak eta etxean egoteko arropak-eta asko saldu dituztela, Gabonetan eta bestela.

L.A.: Lumazko berokia baino pijama bat, txandala edo zapatillak oparitzea askoz praktikoagoa izan da aurten, noski.

E.O.: Beste bizimodu bat egiten ari garelako.

Kanpainak, zozketak... Areagotu egin al dira aurten ekimenak? Zerbaiten falta sumatu al duzue?

L.A.: Alde horretatik, ez. Bonuena egin da, zozketak egin dira, eta hori dena mundial dago. Baina egoera dagoen bezala, jendea dagoen bezala, errealitate hori aldatzeko neuk, pertsonalki, ez dut uste tresna eraginkorrik daukagunik. Ikusten dudan tresna bakarra da herri guztiak ixtea, baina herri barruetan dena irekita egotea. Itxi herriak, baina jendeak herrietan bizitza egin dezala. Eta hori ezin bada, itxi dezagun dena eta denok, baina denok, geratu gaitezen etxean. Behin baino gehiagotan pentsatu dut, egoera honetan dendak irekita egotea baino ez al genukeen hobe izango pare bat asterako dena ixtea, dendak, enpresak eta dena, eta hau pixka bat konpontzea. Izan ere, dendak irekita ditugu, bai, baina zer baldintzatan? Jendea etortzen da dendara, ez gaude egun osoa gora begira ere, eta pila bat eskertzen da hori. Baina dagoen giroa, kalean ia inor ez... Niri oso gogorra ari zait egiten.

E.O.: Luzatzen ari da egoera hau, eta argirik ez dugu ikusten, gainera. Ez zaio bukaerarik ikusten. Orain jasotzen ari garen bilduma, udaberrikoa, joan den irailean eskatu nuen. Orduan, esaten zuten Gabonetarako normalduko ginela, baina udaberria iristear dago eta ez gara ari normaltzen. Hirugarren denboraldia egoera honetan, eta dagoeneko hasi naiz hurrengo neguko bildumarekin lanean, eta...

L.A.: Beldurrez joaten zara bilduma berriak ikustera, gogoz ere halamoduz, eta zalantza pila batekin. Baina, noski, saldu ahal izateko ekarri egin behar dituzu produktuak.

E.O.: Nekagarria da, eta gogorra.

Merkataritza txikiaren egoera zaila zen koronabirusaren krisialdia iritsi aurretik ere. Kontsumo ohituren aldaketa, Internet bidezko erosketak, esaterako, areagotu egin dira azken hilabeteetan. Antzeman al duzue joera hori?

E.O.: Bai, joera horiek hor daude. Baina, beste aldetik, badago jende bat ari dena kontzientziatzen herrian kontsumitzearen garrantziaz, eta egoera honetan gehiago. Esan izan didate nahiago dutela neuri erostea, Internetetiik erostea baino. Ez dut esango joera nagusia hori denik, baina bai hor dagoela, eta garrantzitsua iruditzen zait.

L.A.: Hori egia da, bai. Lehen produktu bat Donostian erosiko zuena, esaterako, orain behintzat galdetzera etorriko da. Hemen ez badago, ba ez dago; baina behintzat saiatu egiten dira, eta eska al dezakezun jakin nahi dute. Horrelako jarrerak asko eskertzen dira. Baina ni, adibidez, plazan nago, eta egia da, jaitik jaira, banatzaileak ikusten dituzula pakete pila batekin aurrera eta atzera.

E.O.: Errealitatea hori da, bai, eta egoera latza da merkatariontzat.

Itxialdian eta ondoren agindutako laguntza publikoei dagokienez, nolakoa izan da erakundeen erantzuna?

E.O.: Gure kasuan, esan dezakegu erakundeek erantzun dutela, agindutako laguntzak iritsi zaizkigula. Itxialdian udalak eta diputazioak agindutakoak jaso genituen, adibidez. Neguan aldundiak atera zituen bonudendek ere oso ondo funtzionatu zuten.

L.A.: Beste kontu bat izan dira autonomoentzako agindu zituzten laguntzak. Zer baldintza bete behar ziren galdetzen hasi, eta konturatzen zinen baldintza horiek betetzeko denda itxita eduki behar zenuela.

Ia urtebete joan da pandemiaren pean. Nola zaudete uneotan?

L.A.: Ni neu, baxu, honi ez zaiolako amaiera datarik ikusten, batik bat. Epe bat dagoela jakingo bagenu, luze iritzi arren... Baina hemen ari gara, tira eta tira, baina nondik tiratu. Hiru urte egingo ditut orain dendarekin, berria naiz. Lehen bi urteak izan ohi dira gogorrenak, eta horiek gaindituta, arnasa pixka bat hartzen hasi behar nuenean, pum, hau etorri da. Dendakoaz gain egiten ditudan beste lanak ere, antzerkiak eta, ia guztiak bertan behera utzi ditu pandemiak.

E.O.: Bukaerarik ez dugu ikusten, eta hori da okerrena. Egun batzuetan hobeto zaude, eta hurrengoan, berriz... Baina aurrera egin beharra dago, ezjakintasun honetan aurrera edo luzera begirako lanak beldurrez egin arren.