Anaitasunaren eta Lagun Onaken arteko derbia zuzenean emango dute Uztarria.eus-ek eta Erlo Telebistak, Azpeitiko Udalaren babesarekin

IƱigo Arregi Lagun Onakeko presidentea, Egoitz Arruti Azpeitiko Udaleko Kirol batzordeburua eta Josu Juaristi Anaitasunako kirol arduraduna.

Larunbatean, 16:00etan hasita, jokatuko dute bi taldeek derbia Azkoitiko Txerloia futbol zelaian. Uztarria.eus-ek partida zuzenean emango du webgune honetan, eta Maxixatzen.eus-en eta Erlo Telebistan ere ikusi ahal izango da norgehiagoka.

Larunbatean sasoiko bigarren derbia jokatuko dute Anaitasunako eta Lagun Onakeko gizonen lehen taldeek 16:00etan hasita, Azkoitiko Txerloia futbol zelaian. Anaitasuna multzoko bosgarrena da sailkapenean 20 punturekin, eta Lagun Onak azkena 9 punturekin.

Bi taldeen egoera desberdina izanagatik ere, puntu baliotsuak egongo dira jokoan Azkoitian, sailkatuko diren fasera sailkatuta ere, lehen fasean pilatutako puntuekin hasiko baitute biek ala biek hurrengo fasea. Denboraldiko bigarren derbia hau ere ez da horren derbi izango, ordea, bi taldeek ez baitute beren zaleen berorik jasoko Txerloian.

Hori horrela izanik, Uztarria.eus-ek partida zuzenean emango du webgune honetan. Azpeitiko Udalaren babesarekin egingo du zuzeneko emanaldia 16:00etan hasita. Horrenbestez, herritarrek derbia zuzenean ikusteko aukera izango dute Uztarria.eus-en, baita Maxixatzen.eus-en eta Erlo Telebistan ere.

Urolako Komunikazio Taldeak (UKT) grabatuko du partida hainbat kamerarekin, eta bi lagun ariko dira esatari lanetan: Jon Orbegozo Lagun Onakeko jokalari ohia eta Andoni Elduaien UKTko kazetaria.

Uztarriak hainbat berrikuntza egin ditu bai webgunean, bai aldizkarian, eta zuen sostengu ekonomikoa behar du aurrera egiteko. Euskaraz, kazetaritza egiten segituko dugu, zuzentasunez eta zehaztasunez, eta zuek bide horretan lagun izatea nahi dugu. Elkarren beharra dugu!


Izan zaitez Uztarriako bazkide