Koronabirusa Azpeitian

Eremu gorrian diren herrietako tabernak eta jatetxeak bihar zabaldu ahal izango dituzte

Julene Frantzesena eta Aitziber Arzallus 2021ko ots. 9a, 13:38

EAEko Auzitegi Nagusiak ebatzi du berriz ere zabal ditzaketela eremu gorrian diren herrietako ostalaritza guneak. Araba, Bizkai eta Gipuzkoako ostalarien elkarteek auzitara jo zuten otsailaren 4an, Eusko Jaurlaritzak eremu gorrian diren herrietan ostalaritza guneak ixteko emandako agindua tarteko. Dena den, auzitegiaren erabakia behin-behinekoa da; gaia sakonago aztertuko du. Herriko ostalariek "pozik" hartu dute berria, baina baita "kezka puntu batekin" ere.

Eusko Jaurlaritzak eremu gorrian dauden udalerrietako tabernak eta jatetxeak ixteko emandako agindua tarteko, otsailaren 4a auzitara jo zuten Araba, Bizkai eta Gipuzkoako ostalarien elkarteek, eta gaur, asteartearekin, iritsi da auzitegiaren erantzuna: EAEko Auzitegi Nagusiak ebatzi du berriz ere zabal ditzaketela eremu gorrian diren herrietako ostalaritza guneak. Auzitegiak hartutako erabakia tarteko, bihar bertan zabaldu ahal izango dituzte herri guztietako tabernak eta jatetxeak.

Erabakia behin-behinekoa da; izan ere, auzitegiak gaia sakonago aztertuko du datozen egunetan. Gainera, tabernak zabalduko badituzte ere, Jaurlaritzak onartutako dekretua indarrean da, eta beraz, hainbat neurri bete beharko dituzte ostalaritza guneek: besteak beste, 20:00etan itxi beharko dituzte, edukiera murriztu beharko dute, mahaietan eseritako pertsonen arteko distantziak bermatu beharko dituzte, mahaiko lau lagun baino ez dira eseriko eta barran ezingo da kontsumitu.

Urola Kostako hainbat herritan daude itxita tabernak eta jatetxeak, 5.000 biztanletik gorako herri horietako COVID-19aren hamalau eguneko intzidentzia tasa 500etik gorakoa delako, edo 5.000 biztanletik beherako herrien kasuan, intzidentzia altua duelako. Hain zuzen ere, gaurko egunez itxita daude Azpeitiko, Orioko nahiz Aiako tabernak eta jatetxeak.