Karnabalak 2021

Karnabal giroan harrapatuta

Maialen Etxaniz - Azpeitiko Argazki Elkartea 2021ko ots. 13a, 09:20
(Juan Mari Ibarzabal)

Gero eta kutunagoak dira karnabalak Azpeitian. Aurten ez da festarik izango, eta horien faltan, hainbat argazkizalek karnabaletako Altzarte argazki lehiaketarako hartutako irudiak berreskuratu nahi izan ditu Uztarriak 2021eko otsaileko aldizkarian, Azpeitiko Argazki Ekartearen laguntzaz.

Gorputzik gabeko dantzariak

Trikitia eskuan eta mozorroak soinean, kalea alaitzeko prest. Musika eskolako ikasleek eta Udal Musika Bandako kideek musikaz janzten dituzte herriko kaleak Astelehen Karnabaleko kalejiran. Goiko argazkia Juan Mari Ibarzabalek 2011. urtean ateratakoa da. Bertan, hainbat musikari gaztetxo harrapatu zituen Ibarzabalek, baina baita beste protagonista berezi batzuk ere: gorputzik gabeko dantzariak. Nola dantzatuko ote zuten herriko buruhandiek egun hartan?

(Javier Yarnoz)

Festa!

Estilo propioz, dotore eta alai. Horrela zuzendu izan du Joxe Mari Zelaiak Jai Karnabaleko artzain-inudeen konpartsa urte luzez. Zuzentzen eta dantzan, dantzan eta zuzentzen, festaren ikur bihurtu den estiloarekin. Horrela harrapatu zituen Zelaia eta haren gidaritzapean danborrak jotzen zebiltzan azpeitiarrak Javier Yarnoz argazkilariak 2014. urtean.

(Joxe Ramon Larrañaga)

Lan egin ondoren, parranda

Tabernako barraren atzean lan eta lan aritu ostean, parrandarako tartea ere hartzen dute zenbait tabernarik karnabaletako astelehenean eta asteartean. Joxe Ramon Larrañagak 2012an Erdikaleko Intz tabernaren atarian ateratako argazkia da hau. Irudia zuri-beltzean egonagatik, urrutira ikus daiteke argazkiari darion alaitasuna.

(Iñaki Etxenagusia)

Kolore kolore

Iñaki Etxenagusiak 2015ean atera zuen kolore biziz jantzitako argazki hau. Simpsondarren azalean jarrita, detailez detaile zaindutako mozorroak soinean poteatu zuten zenbait azpeitiarrek Errebalean. Une horietako bat izoztu eta betirako gorde zuen Etxenagusiak argazki alai honetan.

(Alex Berasategi)

Zer pasatuko da?

2013ko Elegante Egunean Enparan kalean Alex Berasategik ateratako argazkia da hau. Sokamuturraz gozatzen ari ziren gazteek soka-saltoan ibiltzeko aprobetxatu zuten zezen aldaketaren tartea. Sokarekin jolastuz gero...  Lurrean amaitu edo ez, bertan elkartutakoek egun horretako oroitzapen ederrak izango dituzte gogoan.

(Juan Mari Amenabar)

Musika Banda

Goizeko diana ere Azpeitiko karnabalen osagarri ezinbestekoa da. Astearte Karnabal goizeko zezenaren irteeraren aurretik, jendetza ibiltzen da kalejiran Udal Musika Bandaren atzetik. Tabernak itxita, jendez eta mozorroz betetzen dira kaleak, karnabaletako Goiz eresiaren doinuen erritmora.

(Alberto Beloki)

Hau da anbientea

"Hementxen dala!" oihuak hartzen ditu Azpeitiko kaleak karnabalak iristearekin batera. Zenbaitentzat urteko festarik kutunenak, beste askorentzat alaitasuna eta poza. Elegante Egunean bada une berezi bat, azken urteetan indar handia hartu duena: arratsaldeko zezenaren irteera. Erdikalean sortzen den giroa islatzen du Alberto Belokik 2017an ateratako argazki honek.

(Iñaki Etxenagusia)

Jele-jele

Kolorea eta umorea. Amy Winehouse eta Sevillako artistak elkarrekin Pikua tabernaren parean, kantu eta dantza. Atzean, aldiz, bestelako pertsonaia bitxiak, haiek ere festara batzeko gogoz. 2016an Iñaki Etxenagusiak ateratako argazki honek ongi islatzen du karnabalen magia, aniztasuna eta alaitasuna.

(Juan Antonio Unzurrunzaga)

Gazteena

2020ko Elegante Egunean ateratako argazkia da honako hau. Juan Antonio Unzurrunzagak harrapatu zuen musikari gaztetxo hau helduz inguratutako lekuan danborra jotzeko prest. Txiki bezain elegante; izan ere, elegantziak ez du tamainarik.

(Alberto Beloki)

Queen

Askok izango dute gogoan 2019ko Astelehen Karnabal gauean Freddie Mercuryk eta haren taldekideek Azpeitiko plazan eskainitako emanaldia. Kioskora igo eta plaza hartu zuten. Emanaldi berezi hura harrapatu zuen Alberto Belokik, eta haren lekuko da argazki hau. The show must go on!

(Iñaki Aranburu)

Venezia

Astelehen Karnabaleko festan askotariko mozorroak ikus daitezke Azpeitiko kaleetan: originalak, betikoak, bitxi bezain harrigarriak, landutakoak, sinpleak... Dotoreak ere bai, eta horren adibide da 2018. urteko argazki hau. Veneziako karnabalak Azpeitira ekarri zituzten hainbat herritarrek, eta pertsonaia haietako bati xehetasunez betetako argazki hau atera zion Iñaki Aranburuk.