Lagun Onaki partidaren hondarrean egin dio ihes puntuak

Julene Frantzesena 2021ko ots. 8a, 08:00
Lagun Onaken eta Pasaiaren arteko atzoko partidako irudi bat. (Juan Mari Amenabar)

Bi taldeentzat ziren garrantzisuak atzo, igandea, Garmendipe futbol zelaian jokoan ziren hiru puntuak. Izan ere, Lagun Onakeko gizonen lehen taldeak Pasaia hartu zuen etxean, eta bi taldeek behar zituzten puntuak: Lagun Onakek jaitsiera postuetatik hurruntzen hasteko eta Pasaiak liderraren postua eskuratzeko.

Lehen zatia hutsean amaitu zen, baina bigarren zatia mugimendu askokoa izan zen. Hain zuzen ere, bost gol izan ziren 45 minutu pasatxoan. Lehen bi golak Pasaiako Aratz Garmendiak eta Zabaletak sartu zituzten. Dena den, partida bukatzeko hamabost minuturen bueltan falta zirela, Castillok sartu zuen Lagun Onaken lehen gola. Hamar minutura, Jagok sartu zuen berdinketaren gola. Neurketaren hondarrean puntua galdu zuen Lagun Onakek; izan ere, Zabaletaren bigarren golak garaipena eman zion Pasaiari: 2 eta 3 bukatu zen partida.

Lagun Onakek hamalau partida jokatuta, bederatzi puntu batu ditu denboraldia hasi zenetik, eta ez dira bolada gozoa bizitzen ari Ander Avellanedaren mutilak. Datorren astean, baina, partida berezia izango da Espainiako Hirugarren Mailako laugarren taldean; izan ere, Anaitasunaren eta Lagun Onaken arteko derbia izango da Azkoitiko Txerloia futbol zelaian.