Beste garaipen bat poltsikoratu dute Azkoitia-Azpeitia ISB taldeko neskek

Azkoitia-Azpeitia taldearen urtarrileko jardunaldietako bat, kiroldegian.

70-65 gailendu dira etxekoak Maristas Coruñaren aurka jokatutako norgehiagokan. Datorren jardunaldia otsailaren 13an izango dute Vigon (Pontevedra, Galizia) Celta Zorka Recalvi taldearen aurka.

Ondo merezitako garaipena lortu dute gaur, igandea, Azkoitia-Azpeitia ISB taldeko neskek. Azkoitiko Elkargunean jokatu duten partidan 70-65 gailendu dira etxekoak A Coruñako (Galizia) Maristas Coruña taldearen aurka. Lehen bi zatietan parean ibili dira bi taldeak, baina partidaren hirugarren eta laugarren zatian aurrea hartu dute markagailuan Andoni Lazkanoren neskek, eta, azkenean, etxean gelditu da garaipena. 

Hemeretzi jardunaldi jokatuta, sailkapeneko hirugarren postuan jarraitzen du Azkoitia-Azpeitia ISB taldeak, nahiz eta jardunaldiko partida guztiak ez diren oraindik bukatu. 20. jardunaldia datorren asteburuan jokatuko du etxeko taldeak Vigon (Pontevedra, Galizia) Celta Zorka Recalvi taldearen aurka. Bi jardunaldi gutxiago jokatuta, bosgarren postuan daude gaur-gaurkoz galiziarrak; beraz, partida estua izango da bi taldeen artekoa.

Juaristi ISB, gailurrean

Juaristi ISB taldea ere fin ibili da asteburu honetan; izan ere, 70-80 gailendu zen atzo, zapatua, NCS Alcobendas taldearen aurka kanpoan jokatutako partidan. Iñaki Jimenezek taldearentzat ez da nahikoa izan Zilarrezko LEB kopa irabaztea, eta ligako sailkapenean ere lehen postuan jarraitzen dute etxeko mutilek; hamahirugarren garaipena du jarraian Juaristi ISB taldeak. 17. jardunaldia asteazkenean, hilak 10, jokatuko dute Jimenezen mutilek, kiroldegian, Enerdrink Udea Algeciras Dam taldearen aurka.

Uztarriak hainbat berrikuntza egin ditu bai webgunean, bai aldizkarian, eta zuen sostengu ekonomikoa behar du aurrera egiteko. Euskaraz, kazetaritza egiten segituko dugu, zuzentasunez eta zehaztasunez, eta zuek bide horretan lagun izatea nahi dugu. Elkarren beharra dugu!


Izan zaitez Uztarriako bazkide