Koronabirusa Azpeitian

Aloña Zubizarreta: "Argi pixka bat ikusi dut txertoak immunitatea sortzen duelako"

Julene Frantzesena 2021ko ots. 8a, 12:20
Aloña Zubizarreta erizaina Gazako ospitale batean lanean, 2020ko urtarrilean.

Aloña Zubizarreta (Azpeitia, 1975) erizaina da, eta duela urte batzuetatik Jerusalemen bizi da familiarekin. COVID-19aren pandemiaren erdian eredutzat hartua izan da Israel, han txertaketa prozesua gauzatu duten moduagatik. Izan ere, herrialde horretan asko izan dira dagoeneko txertoa jaso duten herritarrak.

Pandemiaren erdian, zer egoera ari zarete bizitzen hor?

Lehengo astean beheraka hasi zen kutsatutako pertsonen kopuruea. Orain arte oso handia izan da zenbateko hori hemen ere: hamar milioi biztanle ditu Israelek, eta eguneko 9.000 kutsatuko kopuruetan ibili gara urtarrilean. Azken asteotan, baina, 3.000-4.000ra jaitsi da. Hori lau asteko konfinamenduak ekarri du; izan ere, dena itxita izan da aste horietan –saltokiak, eskolak, ostalaritza...–, eta gehienez, etxetik kilometrora urruntzeko aukera izan dugu. Konfinamendu zorrotza izan da.

Ez da konfinatuta zaudeten lehen aldia, ezta?

Aurretik ere bitan izan gara konfinatuta, eta irailetik itxita daude hotelak, eta tabernetan eta jatetxeetan eramateko baino ez dute zerbitzatzen. Kirola egiteko aukera, behintzat, beti izan dugu; taldean ez, baina banaka kirola egiteko aukera beti utzi dute. Dena den, bizimodu soziala erabat murriztuta dugu, eta egia esan, aspertzen hasiak gara. Hemen familiarik ez dugunez, "kapsula" moduko bat osatuta dugu, eta lagun horiekin elkartzen gara.

Txertoak emateko erabilitako plangintzagatik albistegien lehen lerrora atera da Israel. Nolakoa ari da izaten prozesua?

Oso azkar ari dira prozesua egiten, oso ondo antolatuta, egia esan: osasun langileek eta irakasleek, adibidez, dagoeneko hartu dute bigarren dosia. Uneotan txertaketa 16 urteko langara iritsi dela uste dut. Txertaketa azkar egin ahal izateko, ospitaleak, anbulatorioak, kirol zentro handiak... baliatu dituzte, eta goizetik gauera aritu dira herritarrak txertatzen, larunbatetan izan ezik –egun sakratua da beraientzat–.

Zeintzuk izan dira emaitzak?

Esperantza pizten dutenak datuak eman dituzte. Osasun langile gehienek immunitatea lortu dutela jakinarazi dute, eta ospitaleetan ere hasi da nabaritzen; izan ere, orain askoz gutxiago dira ospitaleratuta dauden 60 urtetik gorako pertsonak. Adin horretatik gorako herritarren zati handi batek hartu ditu txertoaren bi dosiak dagoeneko.

Zer dela eta, egin dute hain azkar txertaketa?

Ez dugu informazio ofizialik, baina hemen esaten dutenez, Israelek izugarrizko akordioa erdietsi zuen Pfizer farmazeutikarekin. Ez dakigu Netanhayuk zer ordaindu duen akordio horregatik, baina diotenez, beste herrialdeek baino hiru aldiz gehiago ordaindu du txerto dosi bakoitzaren trukean. Praktikan esan dezakeguna da hona iritsi egin direla txertoak, eta gainera, azkar: abendu hasieran esan zuen Netanyahuk txertoen prozesua nolakoa izango den, eta halaxe izan da.

Dena den, arazoak sortu dira ultraortodoxoen komunitatearekin. Zer gertatu da?

Gobernuak emandako aginduak jarraitu beharrean, beren legeek eta rabinoek esandakoei egiten diete kasu ultraortodoxoek. Bizimodu normala egiten segitzen dute: beren eskolak irekita daude, sinagogetara joaten segitzen dute... Ez dituzte betetzen gobernuak ezarritako arauak, eta horrek eragin du eztabaida. Izan ere, herritarrak pixka bat altxatzen hasi dira, gobernuak-eta ez dutelako ezer egiten ultraortodoxoen jarreraren aurrean. Joan zen asteburuan, adibidez, bi rabino garrantzitsuren hiletak egin zituzten, eta jendea asko haserretu zen gobernuak ez zuelako ezer egin horiei aurre egiteko. Ultraortodoxoen komunitatea Israelek duen arazoetako bat da, bere kasa dabilelako.

Zein da bigarren arazoa?

Palestina. Israelgo Gobernuak dio Osloko akordioaren arabera, Palestinago Aginte Nazionalari dagokiola txertoen afera kudeatzea eta arazoa beraiena dela. Genevako hitzarmenak bestelakoa dio, ordea: Israel indar okupatzailea denez, herrialde horri dagokiola Palestinaren osasun arloaz arduratzea. Kontua da Israelgo eta Palestinako herritarrak asko nahasten direla, batetik bestera joaten direla lanera, eta taldeko immunitatea lortu nahi bada, ezin da Palestinarekin baztertu.

Palestinara iritsi al dira txertoak?

Joan zen ostegunean 10.000 dosi iritsi ziren Errusiatik Gazara eta Zisjordaniara, eta beraz, pixkanaka bada ere, hasi dira Palestinan txertoak banatzen. Israelek, ordea, sinbolikoki bidali ditu txertoak hara: bi mila dosi. Israelek, hasiera batean behintzat, alde batera utzi ditu palestinarrak. Ikusiko dugu zer gertatzen den.

Nolakoa da Israelgo osasun sistema?

Nahiko ondo antolatuta daukate. Herrialdean lau mutua handi nagusi daude, eta jendeak ordaindu egiten du mutua horiek izateagatik. Amerikako Estatu Batuetako sistemaren antzekoa da, baina merkeagoa, oro har. Txertoa aseguruaren barruan sartzen da, eta herritar gehienak ari dira txertoa hartzen. Gainera, egunean zehar sobratutako txertoak banatu egin dituzte: hau da, jendea ilaran jartzen zen egunaren bukaeran, eta txertorik sobratu bazen, haiei ematen zizkieten horiek.

Hortik begiratuta, nola ikusten duzu Europako egoera?

Lankideekin ere hitz egin izan dut, eta errealitatea da txertorik ez dagoela. Lagun batzuek esan izan didate azpiegitura falta ere badagoela haien ustez, baina ez zait iruditzen: txertoak falta dira. Horren zergatia zein den? Auskalo, ez dakit, baina argi dago farmazeutiken esku dagoela guztia. Hori bai, zenbat eta diru gehiago eta botere gehiago, are errazago lortuko dira txertoak, beti bezela. Auskalo noiz iritsiko zaien txerto hori herrialde probreei... Bost urte daramatzat Israelen bizitzen, eta garbi dago Netanyahu agintean denetik zer indar duen Israelek faktore desberdinak tarteko; txertoen banaketa da horren adibideetako bat.

Erizaina izanda, nola ari zara bizitzen COVID-19aren pandemia?

Pixka bat frustratuta nago, inoiz baino lan gutxiago ari naizelako egiten. Udan Euskal Herrian izan ginen, eta Mendaroko ospitalean aritu nintzen lanean. Handik itzultzean hasi nintzen Munduko Medikuakekin Belenera joaten, baina urriaz geroztik etxean nago; ezin dut hara joan. Mugarik Gabeko Medikuakekin Gazara ere joaten nintzen lehen, baina denbora da hara joan ez naizela; 2019ko Gabonetan joan nintzen bi hilabeterako eta gero 2020ko otsail aldean-edo itzuli nintzen hara azkenengoz. Espero dut laster hastea berriz Belenera joaten, baina Gazara konplikatuago izango da, sarbideak-eta itxita daudelako eta justuko baimen bereziak ematen ari direlako. Izan ere, palestinarrek ez dute mugikortasun handirik nahi, hango osasun sistema ez dagoelako pandemia bati aurre egiteko prestatuta.

Oraintsu eskaintza bat egin dit Mugarik Gabeko Medikuakek, Hebronera joateko. Eremu horretan deskontrolatuta dago birusa, batez ere beduinoen komunitateetan. Hara joaten banaiz, hiru hilabetez baztertuta dauden komunitateetako kideei hartu beharreko neurriak-eta zeintzuk diren irakastea izango da nire lana.

Pandemia hasi zenetik ia urtebete denean, pandemia gelditzeko gakorik ikusten al duzu?

Argi pixka bat ikusi dut txertoak immunitatea sortzen duelako –hemengo datuek hala diote–, eta horrek balio badu ZIUetako datu beldurgarri horiek jaisteko eta adineko jendea babesteko... Hala ere, denok egin behar dugu esfortzua, norberak egitearekin ez dugu ezer lortuko, besteek egiten ez badute. Garbi dago, baina, txertaketa pauso bat baino ez dela. Hau luzerako izango da, eta bizimodua erabat aldatuko da pandemiaren ostean. Normalizatuko da bizitza pixka bat, baina aldatu ere egingo zaigu, eta maskarak eta segurtasun distantziak denbora luzez erabili eta zaindu beharko ditugu. Hala ere, beste plaga eta pandemia ugari ere izan dira munduan, gainditu dira, eta hau ere pasatuko ote da! Baikortasun puntu bat izan beharra dago, bestela dena drama bilakatzen da. Dena den, denoi eragin digu pandemiak handik edo hemendik, eta gogorra izaten ari denik ezin da ukatu.