Koplarik gabeko otsailaren 4a

Mailo Oiarzabal 2021ko ots. 4a, 10:22
Matxinbentako taldea iazko santa eskean. (Utzitakoa)

Matxinbentako taldeak urte asko egin ditu Santa Ageda bezperan hutsik egin gabe eskean, goizetik gauera, baina aurten derrigortutako etena izango du usadioak. 

Santa Ageda bezpera da gaur. Beste edozein urtetakoa balitz, goizeko bederatzietan elkartuko lirateke dozena bat lagun, Matxinbentakoak, Azpeitiko Loiola Hotelean, egun osoko santa eskeari ekiteko prest. Aurten, ordea, ez da halako bilkurarik izango. Iaz, koronabirusaren pandemiak gurean eztanda egin aurretik ospatu ahal izan zituzten santa eskea eta festak Matxinbentan, baina aurten ez dira libratuko.

“Ez eskerik, ez festarik, ez ezer. Gainerako gauza guztiekin pasatzen ari den bezala”, dio Aron Olaizolak (Matxinbenta, 1980), etsipenez. Santa eskearen usadioak gorabeherak izan ditu urteen joanean. Azken urteetan herri gehientsuenetan entzuten dira Santa Ageda bezperan koplak eta bertsoak, baita Urola Kostan ere, baina Matxinbentan aparteko indarra izan duen eta duen ohitura da eskearena; santagedatan ospatzen dituzte festak ere. Olaizola bera 17 urterekin irten zen lehen aldiz santa eskean, eta harrezkero, ez du gogoan huts egindako urterik. Aurten arte.

Egun berezia

Azken hogei urte pasa horietan gauza batzuk aldatuz joan dira, baina azken urteetan ibilbide berdintsua egiten du Matxinbentako taldeak santa eskean. Furgoneta bat alokatzen dute ibilirako, goizean Azpeitian hasi eta gauean Matxinbentara iritsi bitartean kilometro batzuk egin behar izaten dituzte eta. Aspaldiko urteetan Juan Joxe Eizmendi Loidisaletxe Errezilgo bertsolaria izan dute bidelagun –azken urteetan, txandaka, beste bertsolariren bat ere inguratu izan du kuadrillara Loidisaletxek–, eta Izer aita-semeak eta Laja ere bai, musika jarriz.

Loiola Hoteletik hasita, Olatz eta Loiola inguruetan egiten dituzte hasierako geldialdiak, Azpeitiko kalera jo aurretik. “Tabernetan-eta» kantatzen dute nagusiki, baita matxinbentarrek Azpeitian duten saltokiren batean ere. Eguerdi partean, berriz, Landetara joaten dira; han tabernaz taberna kantuan ibili ondoren, taberna horietakoren batean bazkaltzen dute. «Ez dugu denbora asko pasatzen bazkaltzen. Luzatuz gero, bestela…”, dio Olaizolak. Horrela, 14:30-15:00 aldera mahaitik altxatu eta berriro ekiten diote eskeari, Matxinbentara iritsi arteko bide ondoko baserrietan edota Urrestillako tabernetan geldialdiak eginez. “Badakigu non irtengo zaigun jendea, non izango ditugun zain”.

Afaritarako iristen dira Matxinbentara; hango tabernan «kontu kontari, lasai-lasai» aritzen dira mahaiaren bueltan. Olaizolarentzat egun berezia da otsailaren 4a, “Matxinbentako egunik garrantzitsuena”.

Etena ez dadila betikotu

Astegun edo asteburu izan, Santa Ageda egunez irteten dira eskean beti matxinbentarrak.

Biharamuna “gogorra” izaten dela aitortu du Olaizolak, baita santa eskeko taldeari eustea gero eta zailagoa egiten ari zaiela ere. Lanaren lotura gero eta estuagoak, auzoa bera husten joateak… ez dute laguntzen. Aurtengo eten derrigortuaren ostean usadioari berriro helduko diotela espero du, hala ere, santa eskeko kideak.