Bizkaia Txapelketan hirugarren postua eskuratu du Oihana Orbegozok

Ihintza Elustondo 2021ko urt. 31a, 13:13

Bizkaia Txapelketako hirugarren eta laugarren postuak erabakitzeko partida jokatu dute gaur Oihana Orbegozo azpeitiarrak eta Amaia Aldaik Naroa Agirreren eta Olatz Arrizabalagaren aurka. Partida parekatua izan den arren, Orbegozo eta haren bikotea nagusitu dira, 22 eta 17. 

Bizkaia Txapelketako finalak jokatu dituzte gaur, igandea, Bilboko Miribilla pilotalekuan, 12:00etan hasita. Final handira iritsi ez den arren, hirugarren eta laugarren postuak erabakitzeko partida jokatu du Oihana Orbegozo azpeitiarrak, Amaia Aldai bikotearekin. Neurketa horretan aurkari izan dituzte Naroa Agirre arroarra eta Olatz Arrizabalaga. Partida parekatua izan den arren, azkenean, Orbegozo eta Aldai gailendu dira. Nahikoa berdinduta joan da markagailua neurketa osoan zehar, baina amaierarako Orbegozok eta Aldaik aurrea hartu dute; 22 eta 17 bukatu da neurketa.

Nahikoa polemika eragin du Bizkaia Txapelketaren aurtengo finalak. Izan ere, berez finala jokatzekoak ziren Agirre eta Arrizabalaga pilotariak, baina, azkenean, lehia horretatik kanpo utzi zituen antolakuntzak, "araudia interpretatzerakoan akatsa" egin egin zuelako. Azkenean, Ainhoa Ruiz de Infantek eta Olatz Ruiz de Larramendik jokatu dute haien ordez finala, Leire Garai eta Maite Ruiz de Larramendiren aurka.