Bihar hasiko da Egunean Behin jokoaren seigarren denboraldia

Uztarria.eus 2021ko urt. 31a, 10:31

Uztarriak laugarrenez jarri du taldea martxan, eta herritarrek dagoeneko badute hara batzeko aukera. Denboraldia bukatzean taldeko sailkapenaren buruan denak Ekain sagardo ekologiko kaxa bat irabaziko du. Bihar hasi eta Aste Santua iritsi bitartean, zortzi asteko denboraldi azkarra antolatu dute.

Bihar, astelehenarekin, hasiko da Egunean Behin mugikorrerako jokoaren seigarren denboraldia, eta Uztarriaren taldea martxan izango da beste behin sasoia bukatu bitartean. Aste Santua iritsi arte, zortzi asteko denboraldi azkarra prestatu du jokoa garatu duen Codesyntax enpresak, eta ohiko moduan, sailkapen orokorra osatuko dute. Azken denboraldietako logika bera erabiliko dute oraingoan ere: zortzi astetatik jokalari bakoitzaren bost onenak hartuko dituzte kontuan sailkapen orokorra osatzeko. Denboraldi amaieran, lehen hiru sailkatuek Elkar argitaletxearen erosketa bonuak jasoko dituzte, eta beste bi bono zozketata bidez banatuko ditu Codesyntax enpresak.

Uztarriak laugarrenez jarriko du taldea martxan, eta oraingoan ere banatuko du saria parte-hartzaileen artean. Hain zuzen ere, irabazleak Ekain sagardo ekologiko kaxa bat eskuratuko du. Uztarriaren taldean parte hartzeko Egunean Behin aplikazioa deskargatu behar da Google Play edo App Store plataformatik. Aplikazioaren behealdean kokatzen den Taldeak atalean, (+) ikurra zapaldu, giltzaren gainean klik egin eta C6BB98 kodea sartu behar da; erabiltzaileak gisa horretan lortu du UZTARRIA (Azpeitia) izeneko taldera batzea.

Izenak dioen moduan, egunean behin jokatu daiteke sakelako telefonorako egindako aplikazioan. Hamar galdera erantzun behar dituzte erabiltzaileek ahalik eta denbora laburrenean, eta puntuazioaren arabera, astero sariak banatzen dituzte jokoaren sustatzaileek. Izan ere, astekakoa izaten da sailkapena, astelehenetik igandera bitartean lortutako emaitzen araberakoa. Jakinarazi dutenez, jakintzaren, trebeziaren, matematikaren eta euskal gaien inguruan galdetuko dute, besteak beste, beti herri ikuspegitik. 2020. urtean egindako bosgarren denboraldian 60.000 lagunetik gorakoa izan zen parte hartzea jokoan egunero.

Joan zen denboraldian, bosgarrenean, 1.169 lagun aritu ziren lehian Uztarriaren taldean, eta talde horretako denboraldiko jokalaririk onena Arbiza erabiltzailea izan zen, 2.832,14 puntu lortuta.