Koronabirusa Azpeitian

300dik gora lagun elkartu dira ostalarien egoera salatzeko

Ihintza Elustondo 2021ko urt. 30a, 20:05

Herriko ostalariek bizi duten egoera salatzeko, hainbat herritarrek manifestazioa egin dute arratsaldean, Neurrien adinako konpentsazioa, ostalaritza aurrera! lelopean. Jende ugari elkartu da.

COVID-19ren izurria tarteko bizi duten egoera salatzeko, manifestazioa egin dute arratsaldean herriko ostalariek. Joan den astean herritarren babesa eskatu zuten ostalariek gutun bidez, eta erantzun ona izan du haien deialdiak. Izan ere, 300dik gora lagun elkartu dira gaur ostalarien aldarriak lau haizetara zabaltzeko. 19:00etan abiatu dira plazatik, eta Neurrien adinako konpentsazioa, ostalaritza aurrera! lelopean egin dute protesta.

"Pandemiak zuzenean kolpatu gaituen ostalariak, bereziki Azpeitian, egoera jasangaitz batean aurkitzen gara, laguntzarik eta baliabiderik gabe", azaldu zuten ostalariek zabaldu zuten deialdian. Egunek aurrera egin ahala, "egoera gero eta larriagoa" dela adierazi zuten, eta erakundeek ez dutela dirurik bideratzen beren sektorera. Beren eskariek "oihartzun handiagoa" izateko eskatu zuten herritarren babesa.

Herriko ostalarien egoera ezagutzeko, bi tabernarirekin hitz egin du Uztarriak aste honetan. Lotura honetan irakur daiteke haiei egindako elkarrizketa.