Loren Azkue: "Jendea oso gaizki ari da pasatzen"

Loren Azkue eskiatzen.

Duela lau urtetik, eskiko eta snowboardeko irakaslea da Loren Azkue (Azpeitia, 1990), Astun eta Candanchu eski estazioetan. Aurten, COVID-19a dela eta, Huescako (Aragoi, Espainia) hainbat estazio ez zabaltzea erabaki dute horien arduradunek, eta Astungoa da zabalik dagoen bakarra. Txanponaren bi aldeak ari da bizitzen Azkue: ez da ari lanean, baina eskiatzeko aukera badu.

COVID-19a dela eta, Huescan zabaldu duten eski estazio bakarra da Astun. Lanean ari al zara?

Lanerako pronto daudenen zerrendan nago, baina ez dago lanik. Dena den, badut lanean hasteko esperantza. Bezero batzuek esan didate etortzeko zain daudela, eta uzten badiete behintzat, jendea eskiatzera etorriko dela pentsatzen dut. Canfranc-en hiru gazte madrildarrek zabaldu duten eski eskola berri batean ari naiz lanean orain, snowboardeko irakasle gisa, eta denboraldia hasi zenetik oso jende gutxik jo du eskolara.

Zenbat lagun ari dira lanean Astunen gaur egun?

Hiru kontratu mota dituzte Astungo esti estazioko langileek: finkoak, aldizkako finkoak eta aldi baterakoak. Kontratu finkoa dutenak udan ere lan egiten dutenak dira, eta horiek bakarrik ari dira orain lanean. Egoera irudikatzeko: Astunen, izatez, bost teleaulki daude, eta orain, astegunetan horietako bat eta asteburuetan bi zabaltzen dituzte. Gainera, eski estazioko jatetxeak itxita daude... Astun gutxieneko zerbitzuekin ari da aurrera egiten. Ni zorteduna naiz, lan egiten dudan estazioetako bat zabalik dagoelako; Panticosako langileei galdetu beharko zaie zer-nola dauden.

Eski estazioetako langileon artean zer giro sumatzen da?

Nik urte osoa pasatzen dut Huescan, baina jende asko neguko denboraldian etortzen da, lanera. Aurten horietako asko eta asko ez dira etorri ere egin; ez dute hartu etxerik alokairuan, ez dituzte erosi forfaitak... Ni zorteduna naiz; izan ere, jende askok ezin duena egiten ari naiz, disfrutatzeko aukera ari naiz izaten. Egoera xelebrea da, halere: eski estaziora goizean goiz joan eta ez da inor egoten, tristea eta arraroa da.

Eskiatzailerik joaten al da estazioetara?

Estaziora etortzen den jende gehiena lehiatzen ari dena da; hau da, itxita dauden eski estazioetan lehiatzeko prestatzen aritzen den jendea da orain Astunera joaten dena. Gainerakoan, eskiatzaile batzuk ikusten dira: Jacako bizilagunak, mugitzeko baimena duen jendea... Baina ez da ikusten familiarik eta lagun talderik.

Hain zuzen ere, euskaldunak dira Huescako eski estazioetara joaten diren eskiatzaileen gehiengoa. Nabaritzen al da horien hutsunea?

Bat edo beste ikusi dut, baina egun baterako etorri izan dira horiek. Ez dago beste urteetako girorik. Candanchun dena itxita dago; tabernak, saltokiak... Nik zorte handia duk langabezia saria ari naizelako kobratzen, baina... Gainerakoan, gauden bezala gaude.

Mobilizazioak egin dituzte herritarrek. Formigalen manifestazioa egin zuten duela aste batzuk, adibidez. Herritarrak haserre al daude eski estazio horiek ez zabaltzeko hartutako erabakiarekin?

Bai, jendea oso gaizki ari da pasatzen. Izan ere, herritar gehienek turismoaren sektorean egiten dute lan, modu batean edo bestean. Industria gutxi dago Huescan. Orain ez dagoenez bisitaririk, egoera beltza da bertako biztanleentzat.

Zergatik erabaki dute hainbat eski estazio ez zabaltzea?

Denak diruaren bueltan mugitzen dira. Aramon taldean, adibidez, diru pila bat inbertitu du gobernuak, eta aurten diru kontuak tarteko, estazioa ez zabaltzea erabaki du. Irabazi nahia dute, beti irabaziak nahi dituzte, baina batzuetan ezin izaten da nahibeste irabazi. Zentzu horretan, Astun independentea da, eta zabaltzeko apustua egin du. Egoera tarteko, udalak eta erakundeak ari dira laguntzak martxan jartzen.

Aurten, gainera, elur pila bat egin du eski denboraldiaren hasieratik...

Bai, ikaragarri egin du. Estazioak zuri-zuri daude oraindik ere, baina Canfranc-etik beherako herrietan jada ez dago elurrik. Ni Canfranc-en bizi naiz, eta duela bi aste metrotik gora elur genuen etxe aurrean.

Urte osoa Huescan igarota, neguan eski irakasle lanetan, eta udan zertan aritzen zara?

Neguan, ostalaritzan ere egiten dut lan, gauetan. Beharra dagoen lekuan egin izan dut lan; hoteletan, tabernan... Azken denboraldiak nahiko eskasak izan dira elurrari dagokionez, eta zerbitzuen arloan nahiko larri ibili da jendea. Hori dela eta, udan ordu gehiago egin ditut ostalaritzan lanean. Hemen bi aukera daude lanerako: mendia edo ostalaritza. Bestalde, bizikletari lotutako proiektu bat garatzen ari gara Canfranc-eko udalarekin. Izan ere, jende asko etortzen da inguru honetara bizikletan ibiltzera.

Uda zer-nolakoa izan zen?

Mugikortasuna baimenduta egon den bitartean jende pila bat izan da Huescan, eta oso ona izan dela esango nuke. Mendirako gogoa zuen jendeak, nonbait. Canfranc-en autoa aparkatzeko lekurik ere ez genuen izaten zenbaitetan. Eskiatzeko grina sumatzen zen uda ostean, baina pena handiz, hurrengo urtean beharko du.

Uztarriak hainbat berrikuntza egin ditu bai webgunean, bai aldizkarian, eta zuen sostengu ekonomikoa behar du aurrera egiteko. Euskaraz, kazetaritza egiten segituko dugu, zuzentasunez eta zehaztasunez, eta zuek bide horretan lagun izatea nahi dugu. Elkarren beharra dugu!


Izan zaitez Uztarriako bazkide