Koronabirusa Azpeitian

"Kalte ordainak nahi ditugu, eta lan egiteko aukera, besteek bezala"

Aitziber Arzallus 2021ko urt. 29a, 09:55
Justo Isart eta Koro Alberdi. (Aitziber Arzallus)

Ostalaritza da COVID-19aren kontrako neurriek gehien zigortu duten sektoreetako bat. Haserre daude, minduta, eta protestan jarraituko dute. Babesa eskatu diete udalari eta herritarrei.

Azpeitian zenbat jende bizi da ostalaritzatik?

Koro Alberdi: Jende pila bat. Ostalaritza sektoreko 80 bat negozio daude herrian, eta 200 bat familia bizi gara horietatik.

Justo Isart: Baina katea askoz luzeagoa da. Guk lanik egiten ez badugu, beste batzuek ere ezin dute egin edo askoz gutxiago egin dezakete. Egoera horretan daude, besteak beste, edari banatzaileak eta jatetxeen hornitzaileak: fruta saltzaileak, harakinak, baserritarrak... Tabernak eta jatetxeak itxita egoteak herritar askori eragiten die.

Ia 11 hilabete daramatza pandemia egoerak. Denbora honetan zenbat hilabetez izan dituzue negozioak itxita?

K.A: Oraingoa bosgarren hilabetea da, eta lan egiteko aukera izan dugunetan ere eskas jardun dugu. Jatetxeon kasuan, afariak ematea galarazi digutenez, %25era-edo aritu gara.

J.I: Tabernen jarduna ere erabat baldintzatu du 20:00etarako itxi beharrak, batez ere gauekoena, berez garai horretatik aurrera izaten dugulako lanik gehien.

Urriaren erdialdera koloreen sistema erabiltzen hasi zen Eusko Jaurlaritza. Ordutik, 500etik gorako intzidentzia tasa duten herriak eremu gorrian sartzen ditu, eta ostalaritza ixtera behartu. Zer iruditzen zaizue hori?

K.A: Niri ez zait justua iruditzen. Herri horietako egoera horren larria bada, tabernak eta jatetxeak ixteaz gain beste neurri batzuk ere hartu beharko lirateke. Ez da normala ostalaritza itxita egotea eta beste guztiak beti bezala funtzionatzen jarraitzea. Oraingoan udalak hartu ditu aparteko neurri batzuk, baina ez dut uste nahikoak direnik: ixtekotan dena itxi beharko litzateke, gero denok ireki ahal izateko; eta hori posible ez bada, denoi eman lan egiteko aukera.

J.I.: Min egiten digu ikusteak guk negozioak itxita ditugun bitartean beste guztiek bizitza normala egiten jarraitzen dutela, ez dagoenean frogatuta gu garela kutsatzeen errudunak. Denok dakigu abenduaren hasieran zer gertatu zen herrian. Orduan, tabernak itxita zeuden bitartean, positibo pila bat agertu ziren, eta errua ez zen gurea izan, baina, hala ere, guk ordaindu genuen: bi egun zabalik izan eta ia beste hilabeterako itxi behar izan genuen. Gu sakrifikatzen ari gara, baina argi dago gu sakrifikatuta bakarrik ez dela egoera hau konponduko; iruditzen zaigu egiten ari garen ahalegin guztia alferrikakoa dela. Eta nik uste dut arauak egiten dituztenek ere badakitela hori, bistakoa delako, baina gu zigortzen jarraitzen dute, zerbait egiten ari direla erakusteko edo.

Ez dira hilabete errazak izaten ariko zuentzat...

K.A.: Egoera jasanezina da, batez ere tabernatik bizi diren familientzat. Imajinatu zer den sei hilabete diru sarrerarik gabe egotea eta beste sei hilabete %25 kobratuz, eta etxeko gastuei eta tabernakoei aurre egiten jarraitu behar izatea. Hari-harian gaude, eta bat baino gehiago bidean geldituko dira.­

J.I.: Psikologikoki ere oso hilabete zailak izaten ari dira. Honek guztiak sekulako estresa eragin digu; loa kendu digu.

Orain arte zenbat diru jaso duzue dirulaguntzetan?

J.I.: Niri Jaurlaritzak 3.000 euro eman zizkidan aurrena, eta beste 3.000 gero; eta udalak 2.000 euro eman dizkit, guztira. Zentzu horretan, zortedunetakoa naiz; baina ostalari guztion egoera ez da berdina, eta egoeraren arabera laguntzen zenbatekoa ere aldatu egiten da. Gainera, badaude agindutako laguntzak oraindik kobratu ez dituztenak, eta aldi baterako erregulazioan dauden langileei ere oraindik ez diete ordaindu dagokiena.

K.A.: Dena dela, guk ez dugu dirulaguntzarik nahi, kalte ordainak nahi ditugu, ixtera behartu gaituztelako; eta horrez gain, lan egiteko aukera izatea nahi dugu, beste guztiek daukaten bezalaxe.

Udalarekin hainbat bilera egin dituzue hilabeteotan, azkena aste honetan bertan. Herriko ostalariokiko zer-nolako jarrera erakutsi du udalak?

K.A.: Eskertzen diogu orain arte eman digun babesa eta aste honetan bertan ere esan digu dirulaguntza gehiago ematea aztertzen ari dela, baina zerbait gehiago egin dezakeela uste dugu.

J.I.: Batetik, zergarik eta tasarik ez kobratzeko eskatzen diogu, eta lehengo urtean ordaindutakoak itzultzeko, terrazena ez beste guztiak oso-osorik ordaindu genituelako. Eta bestetik, Eusko Jaurlaritzaren aurrean gu defendatzeko. Badakigu ostalarioi gertatzen ari zaigunaren errua ez dela udalarena, baina udala da gertuen daukagun erakundea eta uste dugu gu babestea tokatzen zaiola.

Protesta ugari egin dituzue azken asteotan. Protestan jarraitzeko asmoa al daukazu?

J.I.: Bai, noski. Tabernak itxita dauzkagun bitartean, ostegunero auto karabana egingo dugu 19:00etan hasita; eta larunbatero manifestazioa, 19:00etan plazatik abiatuta.

Herritarrei ere babesa eskatu diezue. Zergatik?

J.I: Bai, herritarrei babesa eskatu diegu, bi arrazoigatik: batetik, denon artean indar gehiago egingo dugulako; eta bestetik, beraiek ere kaltetuak direla uste dugulako. Tabernak itxita egoteak herri guztiari egiten dio kalte.