Enpresa eta negozio berriak, 2020aren gorabeheren erdian

Ekintzailetza zerbitzuaren 2020ko datuak eman ditu Iraurgi Berritzen garapen agentziak. Eskualdean hemezortzi enpresa edota negozio egitasmo berri jarri ziren martxan iaz, eta 28 enplegu sortu dituzte horiek. Zerbitzu sektoreko proiektuak dira nagusi eta egitasmo indibidualak dira gehienak.

Ez ohikoa eta ez ohiko oztopoduna izan da 2020a Iraurgi Berritzen eskualdeko garapen agentziaren ekintzailetza zerbitzuan ere. Hala ere, eta zailtasunak zailtasun, eman ditu fruituak, eta horien zenbatekoa ez da aurreko urteetakoa baino eskasagoa izan. Zerbitzuaren arduradunen esanetan, "2020an izan dugun ezjakintasun egoerak izan du ekintzaileengan eragina, ekiterako garaian izaten den arriskua areagotuz. Hala eta guztiz, urtean zehar enpresa berriak sortuz joan dira, eta aurreko datuei erreparatuz, enpresa egitasmoen kopurua mantendu egin da".

Guztira, 86 ekintzaile artatu zituzten zerbitzuan iaz, eta hor bai antzeman dutela beherakada zerbitzuaren arduradunek. Itxialdiari eta aurrez aurreko zerbitzuaren etenari egotzi diote zerbitzura jo duten ekintzaileen kopuruaren jaitsiera: "Nahiz eta zerbitzua telematikoki mantendu, presentzialki itxita egoteak artatutako ekintzaile kopurua jaistea ekarri du".

Zerbitzu sektorekoak nagusi

Enpresa edo negozio berri bat sortzeko ideia edo asmoa duten herritarren eskura dago Iraurgi Berritzenen ekintzailetza zerbitzua. Proiektuaren bideragarritasuna aztertzen eta horri forma ematen laguntzen dute zerbitzuan, besteak beste.

Hemezortzi enpresa edota negozio eta 28 enplegu berri. Horiek dira Iraurgi Berritzenen ekintzailetza zerbitzuaren laguntzarekin Urola Erdiko herrietan 2020an sortu direnak. Hemezortzitik ia guztiak, hamahiru, proiektu indibidualak dira –"banakako enpresari" forma juridikoarekin sortu dituzte, hain zuzen–. Beste bostetatik, hiruk ondasun erkidego forma hartu dute, kooperatiba gisara eratu da bat, eta sozietate mugatua (SL) beste bat. Gehien-gehienak –hamabost– zerbitzu sektorekoak dira; industria sektoreko bi egitasmo ere sortu dira, manufaktura industriakoak biak; eta eraikuntza arlokoa da martxan jarri den beste enpresa.

Zerbitzu sektoreari lotutakoak izan dira aurreko urteetan ere Iraurgi Berritzenek bideratutako enpresa eta negozio gehienak, eta alde horretatik, 2020a ez da salbuespena izan. Garapen agentziak emandako datuen arabera, sektore horretan eskualdean martxan jarri diren hamabost proiektu berrietatik hiru ostalaritzari lotutakoak dira, beste hiru txikizkako merkataritza arlokoak, bi artearen eta asialdiaren esparrukoak, bi hezkuntza arlokoak, bat garraio eta biltegiratze zerbitzuak ematen dituena, bat administrazio jarduerak eta zerbitzu lagungarriak eskaintzen dituena, eta beste hiru "beste zerbitzu batzuk" eskaintzen dituztenak.

2020an hemezortzi enpresa eta negozio horiek martxan jarri dituzten ekintzaileek "guztira 1.975.924 euro inbertitu" dituztela jakinarazi du Iraurgi Berritzenek, "eskualdean inpaktu ekonomiko positiboa ahalbidetuz".

Emakumeak ekintzaile

Iazko ekitaldian ekintzailetza zerbitzura jo zuten 86 lagunen profila osatzeko lagungarriak diren datuak ere eman ditu Iraurgi Berritzenek.

Emakumeak ziren gehienak (%63), eta 50 urtetik beherakoak –%45 33 eta 49 urte tartekoak, eta %39 18 eta 32 urte tartekoak–. 2020an Iraurgi Berritzenera enpresa edo negozio berri bat martxan jartzeko informazio edo laguntza bila jo zuten ia erdiak (%49) Azpeitikoak ziren, %39 Azkoitikoak eta %12 Zestoakoak; Aizarnazabalgo eta Beizamako herritarrek ere jo zuten zerbitzura, baita eskualdetik kanpoko lagunek ere (%7). Ekintzaileen ikasketa mailari dagokionez,erdi eta goi mailako ikasketadunak ziren gehien-gehienak: %40k Lanbide Heziketa arloko ikasketak eginak zituzten, %37k unibertsitate ikasketak, eta %23k oinarrizko ikasketak.

Martxan hemezortzi jarri badira ere, gehiago dira iaz Iraurgi Berritzenen ekintzailetza zerbitzuan landu eta, oraingoz bederen, gauzatu gabe gelditu diren proiektuak; 41, guztira. Gauzatu diren proiektuen ildo beretik, bidean gelditu direnen artean ere zerbitzu sektorekoak eta egitasmo indibidualak ziren nagusi.

Uztarriak hainbat berrikuntza egin ditu bai webgunean, bai aldizkarian, eta zuen sostengu ekonomikoa behar du aurrera egiteko. Euskaraz, kazetaritza egiten segituko dugu, zuzentasunez eta zehaztasunez, eta zuek bide horretan lagun izatea nahi dugu. Elkarren beharra dugu!


Izan zaitez Uztarriako bazkide