Koronabirusa Azpeitian

Bi positibo besterik ez dituzte atzeman herrian

Juan Luis Romatet 2021ko urt. 27a, 13:41

Azken egunotako positibo olatuaren ostean, atzo herrian bi kasu berri bakarrik zenbatu zituela jakinarazi du Osasun Sailak. Horri esker, ez du gorabeherarik izan intzidentzia tasak: 1.084,10koa da. Hala ere, oraindik goizegi da joera aldaketaren hasiera izan daitekeela ondorioztatzeko; datozen egunetako datuek erakutsiko dute hori.

Eusko Jaurlaritzak argitaratu berri ditu koronabirusaren bilakaerari buruzko eguneroko datuak, eta aspaldiko partez, berri onak iritsi dira azpeitiarrentzat. Atzo bi positibo besterik ez zituzten baieztatu herrian. Horri esker, ez du gorabeherarik izan intzidentzia tasak: 1.084,10koa da. Hala ere, oraindik goizegi da joera aldaketaren hasiera izan daitekeela ondorioztatzeko; datozen egunetako datuek erakutsiko dute hori.

Aldiz, eguerdiroko txostenak berri txarrak ekarri ditu oriotarrentzet, eskualdean baieztatutako 34 positiboetatik hamabost han atzeman dituztelako. Ondorioz, hango intzidentzia tasa milako langara hurreratu da: 929,55 tasa zuen atzo kostaldeko herriak.

Zestoan ere kezkaz bizi dute egoera. Atzo beste sei positibo detektatu zituzten herrian, eta kasu metatuen tasak milako langa gaindituta jarraitzen du: 1.155,62 tasara igo zen atzo. 28 kasu izan dituzte Zestoan azken zazpi egunetan.

Azkoitian, hiru kasu izan zituzten atzo. Eremu laranjan jarraitzen du herri horrek, 375,53ko tasarekin. Zumaian beherantz jarraitzen du intzidentzia tasak. Atzo beste lau kasu izan zituzten, eta kasu metatuen tasa 590,21era jaitsi da. Milako langatik hurbil izan zen Zumaia orain astebete inguru, eta ordutik beherantz doa tasa. Zarautzen hiru kasu izan zituzten atzo, eta bakarra Aian. Aizarnazabalen, Beizaman, Errezilen eta Getarian ez zuten positiborik zenbatu atzo.

Mila kasutik gora Hego Euskal Herrian

Hego Euskal Herrian ere ez doaz gauzak ondo. Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailak beste 1.104 positibo detektatu zituen egindako 15.837 probatan. Positibotasun tasa zertxobait jaitsi da; %7koa zen atzo.

Lurraldeei dagokionez, Araban 179 kasu izan zituzten, 609 Bizkaian eta 297 Gipuzkoan. Hiru lurralde hauetatik kanpoko 19 lagunek ere positibo eman zuten. 89 lagun ospitaleratu zituzten atzo, baina hori baino kezkagarriagoa da ZIUen egoera: 134 lagun zeuden atzo Osakidetzako erietxeetako zaintza intentsiboko unitateetan, bezperan baino bederatzi gehiago.

Nafarroan 3.514 proba egin zituzten atzo, eta hauetatik 179k eman zuten positibo. Positibotasun tasa %5,1era jaitsi da lurralde honetan. Nafarroako gobernuak ez du ospitaleratuen daturik eman.