Koronabirusa Azpeitian

Biharko auto karabana eta zapaturako manifestazioa deitu dituzte ostalariek

Ostalariek eta hornitzaileek irailean egin zuten auto karanaba, plazan. Landetatik irtengo dira biharkoan ostalariak.

Landetako Orendaundi industriagunetik irtenda egingo dute biharko protesta, eta plazatik abiatuta, berriz, zapatukoa, biak 19:00etan hasita. "Herritarrei laguntza" eskatu diete ostalariek, "gure eskariek oihartzun gehiago izateko guztion beharra dugulako".

Pandemia dela-eta bizi duten egoera salatzeko mobilizazio berriak iragarri dituzte Azpeitiko ostalariek datozen egunetarako. Hain zuzen ere, bihar auto karabana egingo dute, Landetako Orendaundi industriagunetik abiatuta; eta zapaturako, manifestazioa deitu dute, plazatik. Bi protestak 19:00etan hasiko dira.

Joan den astean zabaldu zuten gutunean aurreratu bezala, "Azpeitiko herritarren laguntza" eskatu dute herriko ostalariek beren eskaerak babesteko. "Pandemiak zuzenean kolpatu gaituen ostalariak, bereziki Azpeitian, egoera jasangaitz batean aurkitzen gara, laguntzarik eta baliabiderik gabe", diote ostalariek zabaldu duten deialdian, egunek aurrera egin ahala "egoera gero eta larriagoa" dela, eta erakundeek ez dutela dirurik bideratzen beren sektorera. Horregatik eskatu dute herritarren laguntza, "gure eskariek oihartzun gehiago izateko guztion beharra dugulako".

Uztarriak hainbat berrikuntza egin ditu bai webgunean, bai aldizkarian, eta zuen sostengu ekonomikoa behar du aurrera egiteko. Euskaraz, kazetaritza egiten segituko dugu, zuzentasunez eta zehaztasunez, eta zuek bide horretan lagun izatea nahi dugu. Elkarren beharra dugu!


Izan zaitez Uztarriako bazkide