Koronabirusa Azpeitian

Etxerako banaketa zerbitzua indartuko du Udal Liburutegiak

Anartz Izagirre 2021ko urt. 26a, 12:00

Otsailaren 8ra arte itxita egongo da liburutegia, baina herritarrek liburuak eta bestelako produktuak eskatzeko aukera izango dute 943-15 71 95 telefonora deituta edo 688 81 55 06 telefonora WhatsApp mezu bat bidalita.

Azpeitiak 100.000 biztanleko mila positiboren muga gainditu du asteburuan, eta hori dela eta, neurriak zorroztu ditu udalak. Udal Liburutegia itxita egongo da otsailaren 8a bitartean, eta egoera ikusita etxerako mailegu zerbitzua indartuko dute. Liburuak nahiz bestelako produktuak eskatu nahi dituenak 943-15 71 95 telefonora deitu dezake (astelehenetik ostiralera 09:00etatik 14:00etara) edo 688 81 55 06 telefonora WhatsApp mezu bat bidali (astelehenetik ostiralera 09:00etatik 14:00etara eta 16:00etatik 20:00etara, eta, larunbatetan, 09:00etatik 13:00etara).

Liburutegi Sareko Katalogoan kontsulta daitezke liburuak, diskoak zein filma, eta honako lotura honetan irakur daiteke nola funtzionatzen duen katalogo horrek. Eskaerak jaso ostean abisatuko dute Udal Liburutegiko langileek noiz egingo den banaketa, eta erabili ostean maileguak liburutegi aurreko buzoian utzi ahal izango dituzte erabiltzaileek. 

Bestalde, eLiburutegia eta eFilm atari digitaletan ere badago liburuak zein filmak eskuratzeko aukera.