Koronabirusa Azpeitian

Datozen hamabost egunetarako iragarritako ekitaldi oro, bertan behera

Julene Frantzesena 2021ko urt. 26a, 09:47
'Amaren intxaurrak' ikuskizuna ziren eskaintzekoak Pirritx, Porrotx eta Marimotots Azpeitian.

Otsailaren 8ra bitarterako prestatuta zeuden hitzaldi, kontzertu eta emanaldiak ez dira egingo. Kulturaz kooperatiba hasi da dagoeneko Eñaut Elorrietaren kontzertuetarako sarreren zenbatekoa itzultzen, eta aurrerago jakinaraziko ditu emanaldien data berriak. Pirritx, Porrotx eta Marimototsen emanaldia nahiz Andoni Olariagaren hitzaldia ere bertan behera utzi dituzte.

Azken egunetan COVID-19aren pandemiak herrian izan duen bilakaera ikusita, Azpeitiko Udalak hainbat neurri hartu ditu, tartean bertan behera utzi ditu datozen hamabost egunetarako iragarrita zeuden ekitaldi guztiak. Horrenbestez, otsailaren 8ra bitarterako prestatuta zeuden hitzaldi, kontzertu eta emanaldiak ez dira egingo.

Kulturaz kooperatibak eta udalak atzo adostu zuten ekitaldiak bertan behera uztea, eta, beraz, kooperatibak atzeratu egin ditu Mursegoren eta Eñaut Elorrietaren kontzertuak, baita datozen bi asteburuetarako iragarritako zinema emanaldiak ere. Dagoeneko sarreren zenbatekoa itzultzen hasi da Kulturaz, eta aurrerago jakinaraziko ditu egunotarako prestatuta zituen emanaldien data berriak.

Bestalde, Pirritx, Porrotx eta Marimotots pailazoak emanaldia eskaintzekoak ziren otsailaren 6an, Uztaro haurreskolak antolatuta, baina saio hori ere ez da izango. Uztarok azaldu duenez, sarrerak erosita zituzten herritarrei dirua itzuliko diete Kulturazen bitartez, eta egoerak ahalbidetzen badu, emanaldiak apirilaren 18an izango dira (16:00etan eta 18:30ean). Sarrerak ez dituzte oraindik salgai jarri.

Horrez gain, Andoni Olariaga Euskal matxinada liburuaren inguruko hitzaldia eskaintzekoa zen otsailaren 3an, baina solasaldi hori ere bertan behera utzi du Azpeitiko Sortuk.