Amaia Alberdi: "Ez genioke produktu kantitateari soilik begiratu behar, produktu horren atzean dagoen lan guztiari baizik"

Anartz Izagirre 2021ko urt. 26a, 08:45
Amaia Alberdi. (Anartz Izagirre)

Artzaintzaren eta klima aldaketaren arteko lotura aztertu du Amaia Alberdik (Azpeitia, 1996) ikerketa batean. Elhuyar aldizkarian haren Isuriz bahitu: karbono-aztarnaren balantzan ardi latxak orekan artikulu dibulgatzailea argitaratu zuten joan zen abenduan.

Nondik sortu zitzaizun ikerketa hau egiteko aukera?

Unibertsitateko gradua bukatu nuenean, lehen sektoreari lotutako lanen bat egin nahi nuen. Klima aldaketa ikertzen duen euskal zentro batekin harremanetan jarri nintzen, eta klima aldaketa eta artzaintza lotzen dituen ikerketa egiteko proposamena egin zidaten. Proposamena onartu eta lan pilotu bat egin nuen. Ondoren, masterra gauzatu eta lan horri jarraipena egiteko aukera izan nuen. Lan horren emaitza da Elhuyarren argitaratu duten Isuriz bahitu: karbono-aztarnaren balantzan ardi latxak orekan dibulgazio artikulua.

Artikuluan aipatzen duzunez, gero eta handiagoak dira atmosferara isuritako Berotegi Efektuko Gasak (BEG). Zein da horiek kliman duten eragina?

Lur planetak berezko negutegi efektua du; hau da, atmosfera gas batzuen geruza da, eta gas horiek negutegi efektua sortzen dute. Eguzki izpiek, lurrera sartzen direnean, errebotatu egiten dute atmosferan, eta hori dela-eta daukagu gaur egun lurrean dugun tenperatura. Jatorriz gas batzuk daude atmosfera horretan, baina gu berezko horiek baino gas gehiago ari gara sortzen. Gas gehiegi dagoelako, izpi horiek atmosferara sartu eta errebotatzen hasten direnean, ez dira ateratzen, eta, ondorioz, lur planetako tenperatura goraka doa. Hor dago arazoa.

Zer da zehazki ikertu duzuna?

Atmosferara gas horiek zeinek isurtzen dituen ikertu dut: energia sortzeko gas batzuk isurtzen dira, industriak beste gas batzuk eratzen ditu... Hainbat iturri detektatu ditugu, eta, tartean dago abeltzaintza. Bereziki, Euskal Herrian hain ezagunak diren latx ardiek klima aldaketan zein eragin duen aztertu dut.

Diozu abeltzaintza dela gas horien erantzuleetako bat, baina ba al dago alderik abere batzuen eta besteen artean?

Isurtzen diren gasen %14,5 soilik dira abeltzaintzak ekoitzitakoak. Gainontzeko %85,5a gizakiok isurtzen dugu, eta horri ere garrantzia eman nahi nion; izan ere, askotan seinalatzen da abeltzaintza, eta, bereziki, behiak. Behiak dira gas gehien ekoizten dituzten hausnarkariak edo belarjaleak, haien urdailak beste abereenak baino askoz handiagoak direlako belar bolumen handiak digeritu ahal izateko. Behiek metanoa askatzen dute digestioa egiten dutenean; gas kutsakorretako bat metanoa.

Behi-azienda asko al dago Euskal Herrian?

Oso berandura arte bereziki behiak eta txerriak nagusitu izan dira Euskal Herrian. Garai batetik aurrera ohartu ziren animalia horiek basoetan-eta asko gastatzen zutela, bertako baliabide asko behar dutelako. Hori dela eta, baserritarrek ardietara jo zuten, XVIII. mendearen inguruan. Ordutik, ardiak nagusitu dira gure inguruetan. Behi-aziendak gero eta gutxiago ikusten dira, nahiz eta behietatik eratorritako produktuen (esnea, haragia...) kopurua mantendu egin den. Horrekin ondorioztatzen dudana da ekoizpen prozesua gero eta intentsiboagoa dela; hau da, animalia berari lehen baino gehiago eskatzen zaiola.

Abeltzaintza estentsiboak dituen ezaugarri batzuk ere balioetsi beharko genituzke

Abeltzaintza estentsiboak ala intentsiboak kutsatzen du gehiago?

Ekoizpen prozesua estentsiboa edo intentsiboa den jakiteko hainbat faktore hartzen dira kontuan; besteak beste, animaliak zenbat denbora egin duen bere jatorrizko eremuan, bere ziklo erreproduktiboa errespetatzen den ala ez, eta zer-nolako elikadura izan duen. Abeltzaintza intentsiboan animaliek ez dute ia argirik ikusten, urtean hiru erditze izan ditzakete eta pentsua jaten dute. Estentsiboan, aldiz, animalia bere jatorrizko eremuan egoten da, urtean erditze bat izan ohi du eta belarra jaten du. Ikusi dena da produktiboagoa dela ekoizpen intentsiboa; hau da, ekoizpen prozesu horrekin denbora laburrean produktu gehiago emango dizu animalia batek, atmosferara gas gutxiago isurita. Abeltzaintza estentsiboari gehiago kostatuko zaio produktu kantitate bera ekoiztea, baina kontuan hartzen ez diren beste zerbitzu batzuk ere eskaintzen ditu. Beraz, abeltzaintza estentsiboak dituen ezaugarri batzuk ere balioetsi beharko genituzke.

Zein dira ezaugarri horiek?

Abeltzaintza estentsiboan isuriko diren gasak animalien digestioaren ondorio dira. Beraz, gas horiek naturalak dira. Intentsiboan, aldiz, pentsuen ekoizpenean eta erregaien bidez sortzen dira gas horiek. Sarritan esaten da intentsiboak ez duela estentsiboak bezainbeste kutsatzen, baina ez da guztiz egia.

Animalien elikadurak eta isurtzen duten gasen kopuruak ba al dute loturarik?

Hausnarkari diren abereek urdaila egokituta dute belarretatik ahalik eta elikagai gehien lortzeko. Urdail horietan mikroorganismoak daude, eta digestioa mikroorganismo horiek egiten dute, ez abereek. Belarra digeritzerakoan metanoa sortzen da, eta metano hori izango da atmosferara isurtzen dena eta negutegi efektua sortzen duena. Beraz, elikadurak badu eragina. Bestetik, abeltzaintza intentsifikatzeko joera dagoenez, ekoizpen prozesu horretan erabiltzen den pentsua eta bazka pestizidaz eta herbizidaz beteta egon ohi dira, eta horrek ere gasak eragiten ditu. Elikadurak bi aspektu horietan du eragina klima aldaketan.

Askoz ere jasangarriagoa da ekoizpen prozesu estentsiboa

Zein da Berotegi Efektuko Gasak murrizteko proposatzen duzun estrategia?

Ikusi dugu animalien elikadura dela klima aldaketan eragin handiena duena, eta ez direla gauza bera animaliek digestioan zehar kanporatzen dituzten gasak eta pentsuak sortzeko erabiltzen direnak; hau da, ez dute eragin bera berotegi efektuan. Naturalki ekoizten diren gasak ziklikoak dira, eta urte batzuen ostean, lurrera itzultzen dira landareen bidez; artifizialki sortu direnak, aldiz, denbora gehiagoz egoten dira atmosferan pilatuta. Gasak atmosferatik lurrera igarotzeko prozesu horri karbono bahitzea deitzen zaio, eta atmosferako karbono hori landareen eta mikroorganismoen bitartez xurgatzen da. Nire ustez, gas natural horien aldeko apustua egin beharko litzateke eta animaliak bere jatorrizko eremuan elikatu beharko lirateke. Askoz ere jasangarriagoa da ekoizpen prozesu estentsiboa.

Eta zein da artikuluaren amaieran egiten duzun gogoeta?

Gure esku dagoela zer nahi dugun erabakitzea. Egia da ingurunearekiko jasangarria den ekoizpen prozesuak produktu gutxiago ematen duela, baina beste ereduarekin animalia muturrera eramaten ari gara. Balantza batean jarri behar ditugu produktuen kalitatea eta kantitatea. Izan ere, produktu bat hartzen dugunean, horren atzean zer dagoen jakitea ere garrantzitsua da. Agian, artzain batek 50 kilo emango dizkizu eta besteak hamar, baina bitartean hamar kilo ekoitzi dituena basoak eta larreak garbi mantentzeko lanean ibili da, biodibertsitatearen alde lanean. Ez genioke produktu kantitateari soilik begiratu behar, produktu horren atzean dagoen lan guztiari baizik.