Koronabirusa Azpeitian

Milako langa gainditu du Azpeitiko intzidentzia tasak

Aitziber Arzallus 2021ko urt. 25a, 13:49

Ostiraletik atzora 60 positibo baieztatu dituzte herrian, eta intzidentzia tasak nabarmen egin du gora: 716,16koa zen ostiralean eta 1.031,54koa da orain. Ostalaritzak itxita jarraituko du, taldeko kirolak eta eskola kirolak debekatuta, eta ezin da herrira sartu eta herritik atera; azken neurri hori Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako herri guztietan ere indarrean da gaurtik. Eskualdean 116 positibo zenbatu dituzte ostiralaz geroztik.

Asteburuak datu kezkagarriak utzi ditu eskualdean, eta batez ere Azpeitian. Ostiraletik atzora 116 positibo baieztatu dituzte Urola Kostan, joan den asteburuan baino 33 gehiago, eta positibo horien erdiak baino gehiago Azpeitian atzeman dituzte, 60 —ostiralean hamazazpi, larunbatean 28 eta atzo hamabost—. Hori dela eta, herriko intzidentzia tasak nabarmen egin du gora. Ostiralean 716,16koa zen hamalau eguneko 100.000 biztanleko positibo metatuen kopurua, eta 1.031,54koa da gaur. Horrenbestez, itxita jarraituko dute tabernek eta jatetxeek eta debekatuta taldean kirola egiteak eta eskola kirolak.

Zestoan ere egoera ez da askoz hobea. Ostiralaz geroztik hamabost positibo berri zenbatu dituzte han, eta 898,82koa da intzidentzia tasa. 5.000 biztanle baino gutxiago izanik, ez da Jaurlaritzaren koloreen eskeman sartzen, baina bai herri gorrien zerrendan. Herriko egoera ez ezik, osasun eremuko egoera hartzen dute kontuan zerrenda hori osatzeko, eta Zumaiaren osasun eremu berean egoteak ez dio mesederik egiten Zestoari. Han ere itxita jarraituko du ostalaritzak eta debekatuta taldeko kirol jarduerek. 

Beste horrenbeste Orion eta Zumaian ere. Orion bost kasu berri baieztatu dituzte asteburuan eta 750,16koa da intzidentzia tasa. Zumaian, berriz, positibo berrien kopuruak apaltzera egin du, sei baieztatu dituzte ostiralaz geroztik, baina oraindik ere 500eko langaren gainetik jarraitzen du intzidentzia tasak: 661,44koa da, hain zuzen. 

Aizarnazabalen ere egoerak nabarmen egin du hobera. Asteburuan ez dute positiborik atzeman, baina oraindik ere zerrenda gorrian jarraitzen du, aurreko astean baieztatuko positiboen ondorioz. 

Azkoitian, aldiz, egoerak okertzera egin du. Asteburuan hamar positibo zenbatu dituzte han, eta 417,26koa den intzidentzia tasarekin eremu laranjan dago herria. Oraindik badu tartea 500eko langa jo artean, baina pixkanaka-pixkanaka gerturatzen doa.

Zarautzen, ostera, hobea da egoera. Hamabost positibo baieztatu dituzte asteburuan eta 235,58koa da intzidentzia tasa. Eremu horian jarraitzen du, beraz.

Aian bost positibo baieztatu dituzte azken egunotan. Intzidentzia tasa 705,29koa den arren, osasun eremuko egoera ez da larria, eta horregatik zerrenda gorritik kanpo jarraitzen du momentuz. 

Errezilen bi kasu baieztatu dituzte asteburuan, Getarian bat eta Beizaman bat ere ez. 

Ia mila positibo Hego Euskal Herrian 

Atzo 11.220 proba egin zituztenHego Euskal Herrian eta horietatik 985ek eman zuten positibo, %8,7ak hain zuzen. Bizkaian 426 kasu atzeman zituzten, Gipuzkoan 243, Nafarroan 159 eta Araban 151. 

Ondorioz, Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako ospitaleetako presioak hazten jarraitzen du. Atzo beste 48 lagun ospitaleratu zituzten, eta 682 lagun daude erietxean; horietatik 122 Zainketa Intsentsiboetako Unitatean.