Jardunaldi borobila sinatu dute Iraurgi Saskibaloiaren talde nagusiek

Mailo Oiarzabal 2021ko urt. 24a, 20:58
Azkoitia-Azpeitia ISB eta Ardoiren arteko neurketa. (Euskal Saskibaloi Federazioa)

Biek etxean jokatu dute gaur eta garaipen bana eskuratu dute: LF2n, Azkoitia-Azpeitiak Ardoi hartu du mendean (82-71), eta Juaristi ISB Ponferradari nagusitu zaio Zilarrezko LEB Ligan (99-85).

Saskibaloi jardunaldi bikotza hartu du gaur Azpeitiko kiroldegiak. Eguerdian, Azkoitia-Azpeitia ISBren txanda izan da, eta arratsaldean Juaristi ISBrena, eta borobila suertatu da igandea Iraurgi Saskibaloiaren ordezkari nagusientzat, bi taldeek garaipena eskuratu baitute.

Emakumezkoen Espainiako LF2ko A multzoaren sailkapenaren goikaldean dabiltzan bi talderen arteko neurketa izan da. Azkoitia-Azpeitia ISBk, sailkapeneko hirugarrenak, bigarren tokian dagoen Ardoi talde nafarrarekin neurtu ditu indarrak, eta etxekoak hasi eta bukatu nagusitu dira markagailuan, garaipen garrantzitsua poltsikoratu arte. Partzial denetan aurretik izan dira ISBkoak, lehendabiziko laurdenetan alde estuarekin (15-14, 19-18 eta 22-20); laugarren eta azken laurdenean lortu dute tarterik zabalena (26-19), garaipena 82 eta 71 borobiltzeko. Morgan Green izan da Iraurgikoen saskiratzaile nagusia, 25 punturekin; Marguerite Effa (19), Crystal Primm (15), Sara Iparragirre (13) eta Intza Lizarazu (10) izan dira beste saskiratzaileak. Azken bost partidak irabazita, hamazazpi jardunalditan hamahiru garaipen pilatu ditu Andoni Lazkanoren taldeak eta hirugarren postuari eusten dio.

Juaristi ISBk, berriz, Espainiako Zilarrezko LEB Ligaren Mendebaldeko multzoaren buruan jarraitzen du. Gaur, gainera, azken bi jardunaldietako bolada txarra etetea lortu du eta denboraldiko hamabigarren garaipena eskuratu du Ponferradaren kontra (99-85). Azken emaitza erosoa izan arren, neurketaren lehen erdian gaizki pasatu dute Iñaki Jimenezen gizonek. 19-21 bukatu da lehen laurdena, eta aldea areagotzea lortu dute kanpokoek bigarrenean (25-32). Horrenbestez, 44-53 atzetik iritsi dira atsedenaldira Juaristikoak. Aldageletatik itzulita, oso bestelakoak izan dira kontuak. 29-16 eta 26-16 partzialekin, nagusi izan dira Iraurgikoak, hasierako larritasunak ahaztuta. Ondrej Hanzlik (23) eta Pavel Savkov (19) izan dira saskiratzaile onenak etxeko taldean.